Gipuzkoa Basket
Errege Kopa
Baskoniak markagailua irauli egin du finalerdietarako sailkatzeko
Erredakzioa
Atsedenaldian hamar puntu azpitik izan dira Ivanovicen mutilak, baina Pablo Prigionik eta Milko Bjelicak markagailua iraultzea lortu dute erasoan erakustaldia emanda.
-
Caja Laboral-Lagun Aro (72-65). Argazkia: EFE
- Fitxa teknikoa:
72 - Caja Laboral (17+11+27+17): Prigioni (15), Oleson (9), San Emeterio (-), Golubovic (-), Teletovic (17) -hasierako bostekoa-, M. Bjelica (22), Ribas (2), Heurtel (4), Lampe (-) eta N. Bjelica (3).
65 - Lagun Aro GBC (16+22+11+16): Salgado (4), Papamakarios (-), Vidal (9), Panko (14), Betts (2) -hasierako bostekoa-, Baron (22), Neto (8), Lorant (4) eta Doblas (2).
Baskoniak jokatuko ditu Errege Kopako finalerdiak, Lagun Aro 72-65 garaitu eta gero. Sito Alonsoren taldea markagailuan 10 puntu goitik joan da atsedenaldira (28-38), baina Prigionik eta Milko Bjelicak Arabako taldearen erantzuna ederki gidatu dute hirugarren laurdenean sailkatzea lortzeko.
Norgehiagokaren kontrola hartu nahi izan dute Ivanovicen mutilek hasieran eta Mirza Teletovicen puntuei esker, Caja Laboral markagailuan aurretik mantendu da aurreneko laurdenean. Arabako taldeak aldea handitzeko intentsitatearekin jokatu du, baina Jimmy Baronen hiruko garrantzitsu batek 17-16koa jarri du lehenengo laurdenaren bukaeran.
Bigarren laurdenean Baron estatubatuarra izan da protagonista nagusia Palau Blaugranako kantxan, eta bere gidaritzapean Lagun Aro 26-30 markagailuan aurretik mantendu da. Baskoniak ezin izan du Gipuzkoa Basketeko defentsan gainditu eta Sito Alonsoren mutilek 10 puntuko aldea lortu dute atsedenaldia baino lehen (28-38).
Atsedenaldiaren ostean Baskoniak erakustaldia eman du erasoan eta 23-3ko partziala lortu du markagailuan 51-41ekoa jartzeko. Milko Bjelica izan da Arabako taldeko arma nagusia erasoan eta Sito Alonsoren mutilek ezin izan dute Montenegroko pibota gelditu. Hirugarren laurdena, 55-49koarekin bukatu da Sergi Vidalen hiruko bati esker.
Azkeneko laurdeneko aurreneko minutuetan Andy Pankok 59-58koa jarri du markagailuan eta Gipuzkoa Basketek partidan sartzeko aukera ederra izan du. Hala ere, Milko Bjelicak eta Pablo Prigionik erasoan min egiten jarraitu dute. Caja Laboralek defentsan sakatu egin du eta Lagun Arok ezin izan du markagailua irauli. Azken emaitza 72-65ekoa izan da.