Bilbao Basket
FIBA Europe Cup
Bilbao Basketek garaipena bereganatu du Sassariren kontra (89-91), eta ondo ekin dio Europa Kopako 2. faseari
EITB Media
Bilboko taldeak Italiakoa menderatu du 89-91eko emaitzarekin FIBA Europa Kopako bigarren faseko lehen jardunaldian. Hala, bada, talde bizkaitarrak bere 100. garaipena lortu du Europan.
-
Sassari vs Bilbao Basket. Argazkia: @bilbaobasket
Surne Bilbao Basketek garaipena bereganatu du Banco di Sardegna Sassariren aurka, 89 eta 91, abenduaren 4an, asteazkenean, etxetik kanpo jokatutako Europa Kopako bigarren faseko lehen jardunaldian.
Bilboko taldeak sufritu egin du neurketa irabazteko. Norgehiagoka indartsu hasi du (0-7); gero, sardiniarren erreakzioari eutsi diote (26-25, 13. min), eta hamar puntuko errenta erosoarekin heldu dira atsedenaldira (41-51).
Bilbao Basketi azken txanpan zaildu zaio partida. Etxekoek aldea murriztea lortu dute, baita puntu bakarrera jarri ere (86-87), amaierarako 40 segundo falta zirenean. Aurkariaren momentu onenean, han azaldu da Tryggvi Hlinason zalantzak uxatzeko. Islandiako joalariak saskiratze bat sartu du uztaipean Sassariren defentsa gaindituta, eta segundo batzuk geroago, bi jaurtiketa libre sartu ditu, partida itxi eta Bilbao basketi garaipena emateko (89-91).
Fitxa teknikoa:
89 - Banco di Sardegna Sassari (18+23+25+23): Cappelletti (9), Bibbins (19), Fobbs (7), Veronesi eta Bendzius (14) —hasierako taldea—; Tambone (17), Halilovic (15), Renfro (5) eta Vincini (3).
91 - Surne Bilbao Basket (21+30+22+18): Pantzar (5), Kullamae (13), Zoran Dragic (13), Gielo (12) eta Hlinason (12) —hasierako taldea—; Frey (16), Abdur-Rahkman (5), Ruben Dominguez (3), Jones (12) eta Sylla.
Epaileak: Marius Ciulin (Errumania), Ilias Kounelles (Zipre) eta Tolga Edis (Turkia). Halilovic (36. min) eta Dragic (37. min) kanporatu dituzte.