Bilbao Basket
Gaur, 19:00etan
Bilbao Basketek gaur ekingo dio lehiari FIBA Europe Cupen, Anwil Wloclawek txapeldunaren aurka
EITB MEDIA
Neurketa 19:00etan hasiko da, eta zuzenean izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB4n. Bizkaiko taldea indartsu hasi da Endesa Ligan, eta Poloniako Ligako liderraren kontra jokatzen hasiko du txapelketa hau. Joan den denboraldian, FIBA Europe Cup irabazi zuten poloniarrek.
-
Sacha Killeya-Jones pasearen bila, Bilbao Basketen aurreko partida batean. Argazkia: EFE.
Surne Bilbao Basketek gaur abiatuko du bidea FIBA Europe Cupen, Polonian, Anwil Wloclawek egungo txapeldunaren kontra. Norgehiagoka 19:00etan hasiko da, Hala Mistrów pabiloian, Wloclaweken. Bizkaiko taldeak lehen aldiz jokatuko du txapelketa hau. Jaume Ponsarnauk zuzentzen dituen jokalariek oso indartsu hasi dute Endesa Liga, eta Poloniako liderra izango dute aurrean, 2022-23 denboraldiko txapelduna, hain zuzen ere. Partida zuzenean izango da ikusgai, etb.eus-en eta ETB4n.
Hala, Endesa Ligan bizi duen bolada ona berresten ahaleginduko da Bilbao Basket gaur arratsaldean. Bosgarren dago, lau partida irabazi eta bat galduta, oraindik galdu ez duen Real Madrili segika dabilenen multzoan. Iaz ere, ondo hasi zuen sasoia Ponsarnauren taldeak. Izan ere, FIBAko Txapeldunen Ligako multzoen fasean ere ondo ibili zen.
Gaur, FIBA Europe Cupeko txapelduna ez ezik, Poloniako ligan indartsuen dabilen taldea izango du aurrean Bilbao Basketek. Denboraldi honetan, Poloniako ligan jokatutako lau partidetatik lau irabazi ditu Anwil Wloclawek. Amir Bell (batez beste 7,5 puntu eta 4,5 asistentzia egiten ditu partidako) eta Victor Sanders (19,3 puntu eta 18,8ko balorazioa) dira jokalari nabarmenenak, baita Luke Petrusek (17,3 eta 16) eta Tanner John Groves (7,5 eta 5,5 errebote) ere. Horiez gain, Kalif Young ere aipa daiteke: neurketa bakoitzean, batez beste 7,3 puntu, 8,5 errebote, 1,5 tapoi eta 13,8 puntuko balorazioa lortzen ditu Poloniako ligan.
Ponsarnauren esanetan, "oso talde azkarra ez izan arren, oso ondo egiten du korrika kontraerasoan, guztiz erasokorra da. Oso gogor jokatu beharko dugu, eta oso fisikoak izan". Era berean, Anwil "Poloniako ligako talde onena" dela ohartarazi du, eta Poloniako txapelketa Europako bosgarren onena dela ere azpimarratu du.
Unai Barandalla harrobiko jokalaria deialdian sartu du entrenatzaileak, Georgios Tsalmpouris pibot greziarraren ordez. Norgehiagoka eitb.eus-en eta ETB4n ikusi ahal izango dute zaleek, 19:00etan hasita.