Bilbao Basket
Euroleague Basketball
Gescrap Bizkaiak Euroligako final-laurdenetarako txartela lortu du
Erredakzioa
Unicajari 55-59 irabazi dio Martin Carpena pabilioian eta Top 16a gaindituta aurrera egin du talde bizkaitarrak. Bilbao Basketek historia egin du. CSKA Moskva izango dute aurkari.
Fitxa teknikoa:
55 - Unicaja (16+6+14+19): Rowland (6), Abrines (7), Peric (19), Lima (4), Zoric (11)- hasierako bostekoa- Sinanovic (0), Rodriguez (0), Freeland (8), Payne (0).
59 - Gescrap Bilbao (15+9+18+17): Jackson (10), Blums (5), Mumbru (6), Hervelle (2), Mavroeidis (8)- hasierako bostekoa- Banic (10), Vasiliadis (5), Grimau (4), Lopez (9).
Epaileak: Ziemblicki (POL), Taurino (ITA) eta Vyklicky (CZE).
Gescrap Bizkaiak 55-59 irabazi dio Unicajari Martin Carpena pabilioian eta ondorioz Euroligako final-laurdenetarako sailkapen historikoa lortu du. Bere partida irabaztea eta Real madrilek Montepaschiri 23 puntu edo gehiagogatik ez irabaztea behar zuen. Real madrilek 90-102 irabazi du eta Lasok zuzentzen duen taldea Euroligatik at geratu da.
CSKA Moskva ahaltsua izango da Bilbao Basketen aurkaria final-laurdenetan. Kanporaketa hau bost partidara jokatuko da eta hiru irabazten dituenak Lauko Finalerako txartela eskuratuko du.
Unicajaren aurkako partida oso lehiatua eta saskiratze gutxikoa izan da. Markagailua estu joan da, baina bazirudien Bilbao Basketek hirugarren laurdenean erabakita edo bideratuta utziko zuela norgehiagoka. Unicajak, ordea, ez su etsi eta markagailua berdindu egin du berriro. Amaierarako bi minutu falta zirenean Unicajak aurrea hartu du (51-50), baina Raul Lopezen hiruko batek lasaitasuna eman dio berriro Gescrap Bizkaiari. Azken minutuan ondo moldatu dira Katsikarisek zuzentzen dituen mutilak eta garaipenak ez die ihes egin (55-59).