Bilbao Basket
Endesa Liga
Bilbao Basket-Real Madril, (86-82): Bizkaiaren lehen garaipena
A.B.
Erredakzioa
Katsikarisek zuzentzen duen taldeak partida bikaina burutu du nahiz eta azken minutuetan asko sufritu duen norgehiagoka irabazteko.
-
Bilbao Basketek 86-82ko emaitzarekin irabazi dio Real Madrili. Argazkia: EFE
Bizkaia Bilbao Basketek lehen garaipena lortu du Endesa Ligan Real Madrili Bilbao Arenan 86-82ko emaitzarekin irabazita.
Lehen laurdena ezin hobeto hasi zuten bizkaitarrek Real Madrili 14-0eko partziala sartuta. Ondoren, madrildarren erreakzio txikia etorri zen eta hamar puntura murriztu zuten desabantaila Pablo lasoren mutilek (19-9). Dena den, etxekoak ez ziren behera etorri eta abantailarekin bukatu zuten lehen laurdena (24-14).
Bigarren laurdenean gidoia ez zen aldatu: Bilbao Basket izan zen nagusi kantxan eta markagailuan. Katsikarisen mutilak bikain aritu ziren erasoan eta sendo defentsan. Hau dela eta bizkaitarrek lehen laurdenean lortutako abantaila handitu zuten. Bilbao Basket hamahiru puntuko abantailarekin iritsi zen atsedenaldira (46-33).
Atsedenalditik bueltan Bilbao Basketek lehen bi laurdenetan erakutsitako joko onarekin jarraitu zuen eta Real Madril ezinean ari zen, baina hirugarren laurdeneko azken minutuetan Real Madrilek asko hobetu zuen eta aldeak murriztu zituen. Hirugarren laurdena bizkaitarren aldeko 64-58ko emaitzarekin bukatu zen.
Azken laurdena ikusgarria izan zen. Intentsitate handiarekin jokatu zuten bi taldeek eta markagailua oso estu mantendu zen laurden guztian zehar. Bilbao Basket aurretik joan zen markagailuan azken laurden guztian zehar, baina Real Madril gero eta gertuago zuten. Azken uneetan jaurtiketa libre ugari egon ziren talde bakoitzarentzat eta lehia horretan Bilbao Basket atera zen garaile. Bizkaiak, beraz, partida irabazi zuen 86-82ko emaitzarekin. Lehen garaipena dute bilbotarrek Endesa Ligan.
Fitxa teknikoa:
86 - Bizkaia Bilbao Basket (24+22+18+22): Jackson (12), Grimau (5), Mumbru (15), Banic (13) eta D'or Fischer (10) -hasierako bostekoa- Raul Lopez (11), Josh Fisher (2), Vasileiadis (18), Stevic (-) eta Hampl (-).
82 - Real Madril (14+19+25+24): Llull (10), Carroll (7), Suarez (3), Velickovic (5) eta Begic (-) -hasierako bostekoa-, Sergio Rodriguez (2), Rudy Fernandez (17), Pocius (3), Reyes (18), Mirotic (-) eta Tomic (17).
Partzialak: 24-14, 46-33 (atsedenaldia); 64-58 eta 86-82 (amaiera).