Bilbao Basket
99-72
Bilbao Basket aise nagusitu da Obradoiroren aurka
Erredakzioa
Talde bizkaitarrak garaipena lortu du 99-72ko emaitzarekin Endesa Ligako 23. jardunaldian. Aurkaria baino gehiago izan da, eta merezita irabazi du neurketa.
RETAbet Bilbao Basketek garaipena lortu du Monbus Obradoiroren aurka (99-72) jokatu duen Endesa Ligako 23. jardunaldiko partidan. Ondorioz, sailkapenaren goialdean tinko jarraitzen du Bilboko taldeak.
Hasiera bikaina eman dio neurketari talde bizkaitarrak, lehen minutu parekatu batzuen ostean, nagusi izaten eta abantaila lortzen hasi baita. Azkar batean, bederatzi puntuko errenta eskuratu du Bilbao Basketek (15-6), eta Obradoiro ezinean ibili da. Etxeko taldearen nagusitasuna erabatekoa izan da, eta, lehen hamar minutuen amaieran 14 puntuko abantaila erdietsi du (27-13).
Errentak mantentzea eta 15 punturaino handitzea ere lortu du (32-17) Bilbao Basketek, baina Obradoiro esnatu egin da, desabantaila murrizten hasi da, eta lau puntura kokatu da (34-30). Talde galiziarraren erreakzioa gelditzeko gai izan da RETAbet Bilbao Basket, eta berriro nagusi izatea lortu du. Alex Mumbruk zuzentzen dituen mutilek bigarren laurdenaren azken txanpa ona jokatu dute, eta aldeko 46-36ko emaitzarekin joan dira atsedenaldira.
Bikain etorri zaio atsedenaldia Bilbao Basketi, hirugarren laurdenari ezin hobeto ekin baitio Sulejmanovicek sartutako lau punturekin, Tyler Hawsen hiruko batekin, eta Rouselleren beste saskiratze batekin (55-36). Aurkaria baino gehiago izan da etxeko taldea, eta 22 punturainoko errenta izan du (63-41). Jaun eta jabe izan da Bilbao Basket, eta neurketa erabakita utzi du hirugarren laurdenaren amaieran (77-47).
Azken laurdenera 30 puntuko abantailarekin iritsita, dena erabakita egon da. Jokalariek gozatzeko aukera izan dute azken hamar minutuetan, baita zaleek ere. Festa giroa izan da nagusi Bilbao Arenan, denboraldiko 14. garaipena erdietsi baitu Bilbao Basketek.
Fitxa teknikoa:
99 - RETAbet Bilbao Basket (27+19+31+22): Rousselle (8), Rafa Martinez (8), Haws (13), Sulejmanovic (14) eta Balvin (10) -hasierako taldea-; Schreiner (6), Serron (9), Sergio Rodriguez (12), Kulboka (6), Lammers (9), Rigo eta Cruz (4).
72 - Monbus Obradoiro (13+23+11+25): Pozas (6), Magee, Alvaro Muñoz (6), Brodziansky (18) eta Kravic (4) -hasierako taldea-; Beliauskas (2), Vasileiadis (18), Czerapowicz (4), Daum (10), Spires (4) eta De Zeeuw.
Partzialak: 27-13, 46-36 (atsedenaldia); 77-47 eta 99-72 (amaiera).
Epaileak: Carlos Peruga, Jorge Martinez Fernandez eta Alberto Baena. Kanporaturik gabe.