Itxi

Bilbao Basket

Eurokopako finalerdiak

Ukraina, azken-aurreko urratsa finalerako bidean

Erredakzioa

BC Budivelnik Kieven kantxan jokatuko du Bilbao Basketek, Eurokopako finalerdietako joanekoan, asteazkenean 18:30etan. Partida zuzenean emango dute ETB-1ek eta eitb.com-ek.

  • Bilbao Basketeko jokalariak, final-laurdenak igaro ondoren. Argazkia: EFE.

    Bilbao Basketeko jokalariak, final-laurdenak igaro ondoren. Argazkia: EFE.

Bilbao Basketek denboraldiko zitarik garrantzitsuena du asteazkenean, 18:30etatik aurrera: BC Budivelnik Kiev izango du aurkari Eurokopako finalerdietako joaneko partidan. Bilboko taldea finalera igarotzea du helburu, baina horretarako ustez apalagoa den talde bat kanporatu behar du.

Spartak San Petersburgoren aurkako kanporaketa irauli berri du Ukraniako taldeak, final-laurdenetan. Lehenengo aldiz jokatuko du Ainars Bagatskisek entrenatzen duen taldeak finalerdi bat Europan. Estatu Batuetako Malcolm Delaneyk, Eurokopako bosgarren anotatzailerik onena, eta Leo Lyonsek, jokoaren liderrak izango dira, Ukraniako, Georgiako eta Lituaniako jokalariak ere biltzen dituen taldean.

Faboritoa da Bilbao Basket, baina aurrean ustekabea eman duen aurkari bat izango du. Arazo ekonomikoak izan arren, final-laurdenetako muga igaro dute, historian lehenengo aldiz.

Bilboko taldean, Kostas Vasileiadis jokatzeko moduan egongo da, tendinitisa sendatuta. Roger Grimau, aldiz, kanpoan geratuko da, belaunean lesionatuta dagoelako. Kataluniako hegal-pibota itzuliko partida jokatzeko prest egongo dela espero dute.

BC Budivelnik kanporatzeko motibazio nagusia Europako lehenengo finala jokatzea da, aurreko saiakeretan huts egin ondoren. Palac Sporteko partida Eurokopako finalaren ametsa lortzeko azken-aurreko urratsa izango da.

Jarrai ezazu partida zuzenean eitb.com-en eta ETB-1en, 18:30etik aurrera.