Pilota
PALA
Fustok zazpigarren banakako txapela beregantu du, Gaubeka gaindituta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pala jokalari argentinarrak 3-2 gailendu zaio armintzarrari, eta orain arte Oscar Insausti nafarrak zuen bakarkako txapelen marka historikoa berdindu du.
-
Pablo Fusto eta Esteban Gaubeka finaleko une batean. Argazkia: EFE
Pablo Hernán Fusto argentinarrak bere zazpigarren pala txapelketa irabazi zuen Esteban Gaubeka bizkaitarrari 3-2 irabazita (10-7, 5-10, 6-10, 10-8 eta 10-7) Bilboko Bizkaia Frontoian jokatutako finalean.
Garaipen horrekin, Buenos Aireseko palistak (41 urte) orain arte Oscar Insausti nafarrak zuen bakarkako txapelen marka historikoa berdindu du, zazpi txapelekin.
110 minutu eta 500 pilotakada baino gehiago behar izan dituzte azken bi hamarkadetako espezialitateko bi dominatzaile handienek partida parekatua erabakitzeko. Fusto nagusi izan da hasierako txanpan, baina Gaubeka behetik gora etorri da, eta laugarren jokoan finala bere aldera eramateko zorian egon da.
Fisikoki oso erasana jardun duen argentinarrak ahal zuen moduan eutsi dio lehiari eta bosgarren jokora eraman du partida. Gaubekaren aldeko 3-4ko emaitzarekin, epaileek ez dute buelta adierazi Fustok armintzarrari ustez traba egin izana. Bizkaitarrak protesta sutsua egin du. Egoera horrek partidatik atera du, eta argentinarrak buelta eman dio emaitzari 9-5era igaroz.
Fustok txapela bereganatzeko hirugarren aukeran itxi du finala, bere aurkaria buruz gain gainditu duen pilotakada handi batekin. Horrenbestez, Buenos Airesekoak bere zazpigarren txapela handia bereganatu du 2009, 2011, 2013, 2014, 2015 eta 2016an irabazitakoen ostean.