Pilota
CaixaBank Mastersa
Aimar Olaizolak bere azken txapela lortu du, Zabaletarekin batera
A. A. | EITB MEDIA
22-10 gainditu dituzte Elezkano eta Mariezkurrena, Gasteizko Ogetan jokatu den CaixaBank Mastersaren finalean.
Aimar Olaizola eta Jose Javier Zabaleta gailendu dira CaixaBank Mastersaren bigarren ekitaldiaren finalean. Gorriek, finala irabazteko faborito garbiak, nagusitasunez irabazi diete Danel Elezkano eta Jon Mariezkurrenari, nahiz eta bi horiek ez diren gaizki aritu, baina gaur egun nekez egin diezaioke aurre inork Zabaletaren joari.
5-0eko partzialarekin hartu dute aurre gorriek markagailuan, hala ere, urdinek emaitza orekatzeko gai izan dira (6-6), eta ematen zuen norgehiagoka parekatua izango zela hortik aurrera. Aitzitik, ez da hala gertatu, nafarrek beste tanto sorta bat lortu baitute, berriz ere zuloa zabaltzeko (13-6).
Ondoren, bi bikoteen arteko tanto trukaketa iritsi da, Olaizolaren eta Zabaletaren mesedetan, gero eta gertuago baitzuten 22 zenbakia (17-10). Zaratamoko aurrelariak eta Berriozarko atzelariak ez dute ahalmenik izan urrutiago heltzeko, eta Olaizolak bere iaiotasunaren berri eman die Ogeta pilotalekura bertaratu diren ikusleei hainbat alditan, besteak beste, 21-10ekoan. Publikoak zutik erantzun die pilotariek tanto horretan erakutsitako ahaleginari.
Beraz, azkenerako, Olaizolak eta Zabaletak irabazi dute txapela. Kantxei agur esaten hasteko modu ezin hobea Goizuetarrarentzat. Orain, Logroñoko San Mateo torneoko interesgune nagusietakoa izango da, pilotarekin izandako 23 urteko ibilbide arrakastatsuari azaroaren 13an amaiera eman aurretik.
Markagailua tantoz tanto: 1-0, 2-0, 3-0, 4-0, 5-0, 5-1, 5-2, 5-3, 6-3, 6-4, 6-5, 6-6, 7-6, 8-6, 9-6, 10-6, 11-6, 12-6, 13-6, 13-7, 14-7, 15-7, 15-8, 15-9, 16-9, 17-9, 17-10, 18-10, 19-10, 20-10, 21-10 eta 22-10.