Lau t'erdikoa
Igandean, 17:00etan
Altuna eta Ezkurdia, finalerako prest
Erredakzioa
Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatuko dute Lau t’erdiko Txapelketako finala igande honetan, Nafarroa Arenan. ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute partida, 17:00etan.
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna prest daude igande honetan Lau t'erdiko Txapelketako finala jokatzeko. Nafarroa Arenan egongo da titulua jokoan, eta partida zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus webguneak, 17:00etan.
Bi pilotariak porrotik jaso gabe iritsi dira final handira, ez dute arazo fisikorik eta joko-puntu onarekin daude. 'Kaiola'ko bigarren txapela eskuratzea dute helburu Altunak eta Ezkurdiak.
Jokin Altuna iristen da faborito gisa, txapelketan eman duen mailagatik. Nagusitasunez irabazi ditu partida guztiak, eta Jakak soilik sufriarazi zion final-laurdenetako ligaxkan. Bestalde, Joseba Ezkurdia da azken txapelduna eta joko-maila hobetzen joan da partidaz partida txapelketan zehar. Ia galduta zuen neurketa irauli zuen Lasoren aurka final-laurdenetako ligaxkan, eta sufritu egin zuen Jakaren kontra finalerdietan, finalerako txartela eskuratzeko.
Ostegunean finalerako materiala aukeratu zuten bi pilotariek, eta ez zuten kexarik azaldu hautatutako pilotengatik. Ezkurdiak pilota gogorrak eta biziak aukeratu zituen; Altunak, aldiz, motelagoak eta frontisetik gutxiago ateratzen direnak.