Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Finala

Jokin Altunak amestutako finala irabazi du (22-21)

Agentziak | Erredakzioa

Amezketako gazteak aurreikuspen guztiak hautsi ditu eta bere lehen txapela jantzi du profesionaletan. Final handia jokatu dute berak eta Urrutik, eta denetarik izan du: jokoa, erritmoa eta polemika.

1:35

Jokin Altuna gipuzkoarra da Lau t’erdiko txapeldun berria. Amezketakoa 22 eta 21 gailendu zaio Mikel Urrutikoetxea faborito nagusiari, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako finalean.

Aspeko pilotariak irabazten duen lehen txapela da, 2016ko finala Oinatz Bengoetxearen aurka galdu ostean.

Partida oso orekatua izan da, eta emozioz beterikoa. Tanto politak egin dituzte biek, eta polemikarako tartea ere izan da.

Azken tantoa oso adierazgarria izan da. Mikel Urrutikoetxeak atera du, eta tantoa kontrolpean izan du, baina Altunak oso pilota zaila altxatzea lortu du eta 22koa bere alde jausi da, Urrutikoetxeak kanpora bidalita. Ordu eta laurden luze iraun du partidak.

Jokin Altuna gehiago izan da hasierako eta bukaerako tantoetan, baina inoiz ez du lortu markagailuan alde handirik zabaltzea.

Txapeldun berriak hasieran egin du zulorik handiena, 1-6 eta 2-7; bizkaitarrak, berriz, 14 eta 10ekoan. Emaitza horrekin, partida bere alde hautsi behar zuela zirudien, baina gauzak bestela joan dira azkenean.

Hasieran, Altuna jaun eta jabe izan da, eta amezketarrak sakez egindako falta batek eman dio lehen tantoa Urrutikoetxeari (1-4). Neurketako unerik erabakigarrienetan, baina, ez du hutsik egin. Bere onena eman du, bi paretakoak ederto jokatuz. Jokaldi horietako batek 20 eta 21 jarri du aurretik markagailuan, eta neurketa erabakitzeko aukera paregabea izan du sakearekin, baina ez du lortu.

Amaierarik estuena

Urrutik bere tantorik onena egin du markagailuan 21nakoa jartzeko, eta azken tantoan ere dena alde izan du kaiolako txapela bigarrenez bereganatzeko. Hala ere, Altunak maisutasunez altxatu du Zaratamokoak bidalitako pilota zitala, eta, ondoren, pilota kanpora bidali du bizkaitarrak. Txapela merezimendu osoz irabazi du gipuzkoarrak.

Garaipen horrekin, gipuzkoarrak iaz Oinatz Bengoetxearen aurka galdutako finalaren arantza atera du. Orduan bera izan zen tanto bakar bategatik galtzaile atera zena.

Finalak polemikarako jokaldiak ere izan ditu: pilotariek elkar oztopatu dute pare bat aldiz, eta pilotako bote zalantzagarri batzuekin ere eztabaida izan da Miribillako pilotalekuan.

 

Partidako tanto guztiak

0-1, 0-2, 0-3, 0-4, 1-4, 1-5, 1-6, 2-6, 2-7, 3-7, 4-7, 5-7, 6-7, 7-7, 8-7, 8-8, 8-9, 8-10, 9-10, 10-10, 11-10, 12-10, 13-10, 14-10, 14-11, 14-12, 14-13, 15-13, 16-13, 16-14, 17-14, 17-15, 17-16, 18-16, 18-17, 18-18, 18-19, 19-19, 20-19, 20-20, 20-21, 21-21, 21-22.