Lau t'erdikoa
Bigarren finalerdia
Mikel Urrutikoetxea izango da Altunaren aurkaria finalean
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaitarra jaun eta jabe izan da Oinatz Bengoetxearen aurka Adarragan jokatutako finalerdian, eta 22 eta 11 gailendu da.
Mikel Urrutikoetxeak Lau t’erdiko txapelketako finala jokatuko du, bigarren finalerdian Oinatz Bengoetxea egungo txapelduna 22 eta 11 kanporatu ostean.
Bizkaitarrak erakustaldia eman du, eta Leitzakoak ez du aukerarik izan. Bi pilotariek atzamar bat hautsita jokatu dute, baina ez zaie nabaritu.
Urrutikoetxeak gogor eman dio pilotari, eta aurkaria batetik bestera mugitu du Adarragako kantxan. Horrela, merezitako garaipena izan da berea, eta, ikusitakoaren arabera, lanak emango dizkio azaroaren 19ko finalean Jokin Altunari.
Gaurko neurketan, Bengoetxeak ez du aukerarik izan. Urruti nagusi izan da hasieratik, eta, binakoaren ostean, norgehiagoka bere alde jarri du bizkaitarrak.
Sakeaz baliatuta eta Bengoetxearen hutsen bat edo beste ondo aprobetxatuz, 7 eta 2 jarri da aurretik lehen tantoetan.
Oinatz saiatu egin da, baina Urrutik ondo hartu dio neurria. Zaratamokoaren huts gutxiei esker hurbildu da nafarra markagailuan.
Markagailura 21 eta 7koa igo denean eman ditu Urrutik ahulezia zantzu bakarrak. Horri esker, Oinatzek lau tanto jarraian egin ditu, eta azkenean markagailua 22 eta 11koan geratu da.
Mikel Urrutikoetxeak Jokin Altunaren aurka jokatuko du finala, azaroaren 9an. Nafarrik gabeko finala, aspaldiko partez.
iko partez.