Lau t'erdikoa
Material aukeraketa
Olaizola II.a eta Irujo: 'Finaleko gakoa errestoan egongo da'
Erredakzioa
Bi pilotariek igandeko finalerako pilotak aukeratu dituzte, Bizkaia pilotalekuan. Olaizolak esku-eskura du zortzigarren txapela. Irujok, aldiz, urte aparta biribilduko luke finala irabazita.
Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok bat egin dute Lau t'erdiko finaleko gakoa zein izango den azpimarratzean: errestoa. Sakea ere garrantzitsua dela aitortu dute, baina errestoak erabakiko du, bi finalisten ustez, txapela nork jantziko duen.
Bitxikeria gisa, Asegarceko hiru pilota erabiliko dituzte, Irujok Aimarren saskiko pilota bat aukeratu baitu gaur, osteguna, egindako pilota aukeraketan.
Ulertzekoa denez, biek garaipena dute helburu, baina arrazoi ezberdinengatik. Aspekoak urte aparta biribilduko luke horrela. Asegarcekoak, berriz, zortzigarren txapela jantziko luke, pilotaren historian beste urrats bat emanda.
Olaizolak 106,1eko eta 106,4ko pilotak aukeratu ditu, Irujorenak baino apur bat astunagoak. Iberokoaren pilotak 105,1 eta 105,9koak dira.
Irujo: 'Pilotak onak dira'
"Aurkeztutako pilotak onak ziren, eta nik oso argi neukan zer nahi nuen. Horrela izan beharko luke beti", esan du Irujok. Are gehiago, Aspeko pilotariak Asegarcek aurkeztutako pilota bat ere aukeratu du.
Goizteako txapeldunak, aldiz, arazorik ez dela egon azpimarratu du, eta Irujoren materialari ere oniritzia eman dio.
Olaizola II.a: 'Aitzakiak soberan daude'
Aimarrek onartu egin du aurten ez dagoela beste aurreko urteetan bezain "eroso", baina "igandean txapelketako partidarik onena" egiteko itxaropena agertu du. Goizuetakoak Lau t?erdiko zazpi txapela dauzka, azken hirurak azken hiru urteetan, jarraian, jantzitakoak: 2002, 2004, 2005, 2008, 2011, 2012 eta 2013.
"Baliteke aurten jokoaren inguruan zalantza gehiago izatea, baina aurreko urteetan ere antzera ibili naiz, lesioan ondorioz. Aitzakiak soberan daude. Finalera iristea zaila da, eta gerto han partida guztiak ezberdinak izaten dira. 22ra iristen denak merezita jantziko du txapela", esan du Asegarceko pilotariak.