Buruz Burukoa
Aimar Olaizolaren aurka
Jokin Altuna, Buruz Buruko errege berria
eitb.eus
Amezketakoa 22 eta 14 gailendu zaio Aimar Olaizolari final gogor eta ikusgarri batean. Bere lehen Buruz Buruko txapela irabazi du Lau t’erdiko egungo txapeldunak.
Jokin Altuna gipuzkoarra da Buruz Buruko txapeldun berria, Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako finalean Aimar Olaizola nafarra 22 eta 14 mendean hartuta.
Belaunaldi ezberdinen arteko lehian 22 urteko gaztea nagusitu da. Partida ederra jokatu dute biek, eta orekatua 14-13ko emaitzara arte. Ordutik aurrera, pilotari bakarra izan da pilotalekuan: Jokin Altuna amezketarra.
Lau t’erdiko egungo txapeldunak eta Buruz Buruko lau txapelen jabeak lehia estua izan dute, eta erresistentzia fisikoak zeresana izan duen norgehiagokan.
Olaizola aurretik jarri da lehen tantoetan, baina oreka nagusi izan da finalaren lehen zatian. Ez batak ez besteak ez du bi tanto baino gehiagoko alderik zabaltzea lortu.
Aimar, ematza iraultzear
Aldaketa 13 eta 14koaren ostean iritsi da. Aimar 8-14koa iraultzen hasi da eta Altunaren nagusitasuna arriskuan jarri du, baina Amezketako gaztea ez da kikildu, tantoak bata bestearen atzetik egin ditu eta hasperen batean 13 eta 20 jarri da aurretik. Behin betiko zuloa egin du markagailuan.
Amezketatik Bilbora joandako zale mordoaren bultzadaz baliatuta, Altuna 22. tantora iritsi da eta Buruz Buruko txapela berak jantzi du. 22 urteko gipuzkoarra pilotari handien bideari jarraitzeko prest da, pilota munduko hiru txapel handietatik bi bata bestearen atzetik irabazita.
Partidako tanto guztiak:
1-0, 2-0, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 4-4, 5-4, 5-5, 5-6, 5-7, 6-7, 6-8, 7-8, 8-8, 8-9, 8-10, 8-11, 8-12, 8-13, 8-14, 9-14, 10-14, 11-14, 12-14, 13-14, 13-15, 13-16, 13-17, 13-18, 13-19, 13-20, 14-20, 14-21, 14-22.