Binakakoa
14-22
Berasaluze-Albisu bikotea, garaile Titinen eta Merino II.aren aurka
Erredakzioa
14-22ko emaitzarekin lortu du garaipena Asegarceko bikoteak, eta bikote errioxarra gainditu dute sailkapenean. Pablo eta Jon Ander daude sailkapeneko laugarren postuan.
Pablo Berasaluzek eta Jon Ander Albisuk garaipen garrantzitsua lortu dute Titin III.aren eta Merino II.aren aurka Binakako Txapelketako azkenaurreko partidan. 14-22ko emaitzairekin nagusitu da Asegarceko bikotea Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Garaipen honi esker Berasaluze II.ak eta Albisuk Titin-Merino bikotearekin berdindu dute sailkapenean, baina elkarren aurkako partidak Asegarceko bikoteak irabazi dituenez, Berasaluze eta Albisu daude sailkapeneko laugarren postuan.
Partidari bikain ekin diote Berasaluze II.ak eta Albisuk (0-4), baina bikote errioxarrak aldeak murriztea lortu du lehenengo (3-5), eta ondoren, partida berdindu dute (7-7). Nahasmen handiko une batzuk pasata, norgehiagoka 12-12 berdinduta egon da, baina Berasaluze eta Albisu bikain jokatzen hasi dira, eta zazpi tantoko abantaila hartu dute (12-19). Zazpi tantoko desabantaila larregi izan da bikote errioxarrarentzat, eta azkenean, 14-22ko emaitzarekin bukatu da partida.
Pablo Berasaluzek eta Jon Ander Albisuk azken jardunaldian garaipena lortuz gero, finalerdietarako txartela lortuko dute. Azken jardunaldiko partida galdu, eta Titinek eta Merinok irabazten ez badute ere finalerdietan izango dira Asegarcekoak.
Titin III.ak eta Merino II.ak azken jardunaldiko partida irabazi behar dute, eta Berasaluze II.ak eta Albisuk galtzea behar dute. Horrela gertatzen ez bada, txapelketatik at geratuko da bikote errioxarra.