Binakakoa
Amigdalitisa du
Retegi Bik Irujo ordezkatuko du Ogetako partidan
Erredakzioa
Irujo amigdalitisak jota dago eta ezin izango du Binakako Txapelketako asteburu honetako partida jokatu. Bere hutsunea Retegi Bik beteko du.
-
Juan Martinez de Irujo. Argazkia: EITB.
Irujo ez da Zabaletaren bikotea izango larunbat honetan, Ogeta pilotalekuan. Iberoko jokalariak amigdalitisa eta sukarra du, eta bere lekua Retegi Bi pilotariak beteko du Binakako Txapelketaren ligaxkako hamargarren jardunaldian.
Beraz, Gasteizko pilotalekuan, Retegi Bi-Zabaleta eta Bengoetxea-Beroiz bikoteek euren indarrak neurtuko dituzte. Bi bikoteek finalaurrekoetarako txartela lortua dute jadanik; Juan Martinez de Irujok eta Zabaletak bederatzi neurketatik zortzi irabazi dituzte.
Bere aldetik, Oinatz Bengoetxeak eta Beroizek sei garaipen pilatu dituzte Binakako Txapelketako ligaxkan. Azken hauek bikote liderra garaitu duten bakarrak izan dira, eta, horrek, ikusmira sortu du.
2.000 pilotazalerekin, Ogeta pilotalekua goraino beteta egongo da. Izan ere, txarteldegietan 200 sarrera baino gutxiago gelditzen dira salgai.