Binakakoa
Zazpigarren jardunaldia
Irujo-Zabaleta bikotea, nagusi Jaunarenaren eta Barriolaren aurrean
Erredakzioa
Txapelketako bikote liderrak sendo jarraitzen du, eta garaipen erraza lortu du Labriten (22-13). Bestalde, Ezkurdiak eta Zubietak ezustekoa eman dute Bengoetxeari eta Beroizi irabazita (22-11).
Juan Martinez de Irujok eta Zabaletak Jon Jaunarena eta Abel Barriola aise hartu dituzte mendean, Binakako Txapelketako zazpigarren jardunaldian. Neurketa ikaragarria jokatu gabe txapelketako liderrak erraz nagusitu dira Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Jaunarena ezkutatu egin da eta Barriolari laguntzeko ia ez da azaldu. Zabaleta nagusi izan da atzeko koadroetan, eta Leitzako atzelaria menpean izan du norgehiagoka osoan zehar. Oso zaila da partida bat irabaztea aurrelariaren laguntzarik gabe. Jaunarenari partida oso handi etorri zaiola esan daiteke.
Leitzako atzelaria ahal izan duen bezala defendatu da, baina lana eta nekea pilatu zaizkio. Irujo eta Zabaletaren 'mailuak' kolpatzen jarraitu du, eta neurketaren erdialdera Iberoko aurrelariaren erremateek partida hautsi dute.
Markagailuan abantaila hartu eta gero, Leitzako bikotea emaitza apaintzen saiatu da.
Partida tantoz tanto: 0-1; 0-2; 1-2; 1-3; 2-3; 3-3; 3-4; 3-5; 4-5; 5-5; 6-5; 7-5; 8-5; 9-5; 9-6; 9-7; 10-7; 11-7; 12-7; 12-8; 12-9; 12-10; 13-10; 14-10; 15-10; 16-10; 17-10; 18-10; 19-10; 20-10; 20-11; 20-12; 20-13; 21-13; 22-13.
Ezkurdia-Zubieta vs Bengoetxea-Beroiz (22-11)
Bestalde, Ezkurdiak eta Zubietak ezustekoa eman dute Idiazabalen, eta Bengoetxea eta Beroiz (22-11) hartu dituzte mendean. Sebastian Gonzalezen ordezkoak maila ona eman du estreinako partidan, eta Zubietarekin batera garaipena lortu du.
Horrela, Bengoetxeak eta Beroizek ustekabeko porrota jaso dute, Txapelketako bigarrena dagoeneko. Ezkurdiak eta Zubietak, ostera, Txapelketako bigarren puntua bildu dute.