Itxi

Beste kirolak

Transantartika 2011

Vallejo: 'Bateria zeharo izoztuta dago baina argia ikusten dugu'

Erredakzioa

Espedizioko kideak, zailtasunei aurre egiten jarraitzen dute kontinente izoztuan, batez ere komunikazio lan-taldearekin. Lur-eremuak eta eguraldiak hobera egingo duela dirudi.

  • Argazkia: BAT Basque Team

    Argazkia: BAT Basque Team

Lerro labur batzutan, bateriak birkargatzeko dituzten arazoengatik, Juan Vallejok asteazkeneko jardunaldi gogorrari buruz ondorengoa aipatu digu: "21 kilometro egin ditugu, erdia kometekin eta beste erdia leretatik tirana haize falta dela eta. Hotza ikaragarria izan da, 30 eta 37 gradu zero azpiko tartean. Baina tira, nola edo hala eutsi beharko diogu". Albiste onak ere utzi dizkigu hartu-eman honek, izan ere lerak arrastaka eramaten dituzten zoruan hobekuntza nabarmena ikusi baitute: "Lur-eremua hobetzen dihoa apurka-apurka eta gaurkoak itxura polita zeukan, argia ikusten ari gara eta Eolo agertzen den momentuan distantzia luzeagoak egingo ditugu".

Hobekuntza honekin batera eguraldiak ere lagunduko du hurrengo jardunaldietan: zerua nahiko garbi eta batez ere 15-20 kilometro orduko haize boladak. Elurra botako duen arren ezdute espero ekaitzik baina tenperaturak bere horretan jarraituko du, gutxieneko -33ºkoa eta altuena berriz -26ºkoa.

Mendizaleak ohitzen joan beharko dira komunikazio arazoetara hurrengo egunetarako, ekipoak birkargatzeko trabak bete-betean harrapatu baititu. Juan Vallejok igorritako mezuan oztopoak-oztopo taldea animoso dagoela baieztatu digu eta batez ere umore onarekin: "Bateriena diagnostikatu dugu baina soluzioa zaila da oso: haize faltagatik geldialdia egin dugunean asko berotzen saiatu gara eta horrela ere bi ordu behar izan ditu erreakzionatzeko; beraz, gixajoa erabat izoztuta dagoela esan genezake, ez dio berpizteko denborarik ematen".

Novolazarevskaya basetik sartu ziren Antartikara Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza azaroaren 15ean eta Herculeseko badiatik ateratzeko asmoa dute urtarrilaren amaieran. Gero, Punta Arenasetik hegazkinez ateratzeko epea 2012ko urtarrilaren 21an amaitzen zaie.