kirolak
Ikusgarria izango dela uste du
Xabier Usabiaga: 'Contadorren kontra egiteko gogo handiak daude'
Erredakzioa
Txirrindulari ohia eta ETBko aurkezleak azken urteotan egindako lanaren emaitza da eitb.com-eko Txirrindularitza Profesionalari buruzko datu basea. Xehetasunak azaldu dizkigu Usabiagak.
Xabier Usabiaga ETBko kazetaria, txirrindulari ohia eta kirol honetan aditua da eitb.com-ek airera atera berri duen datu basearen "burua" eta berarena izango da kudeatzeren ardura.
Horregatik, datu base horren inguruko xehetasunak ezagutzeko, beregana jo dugu. 1994. urtean osatzen hasi zen, beraz oraindik adingabea baina informazioagatik erabateko heldutasuna duela esan dezakegu. "Bertan txirrindularitzaren historia datutan aurki ditzakegu: lasterketen emaitzak, txirrindularien palmaserak, postuak, garaipenak...eta, garrantzitsuena, oso erraz. Datu basea erabilgarria da oso. Zaletuaren jakinmina asetzeko "klik" bat baino ez da egin behar", azpimarratu du Usabiagak.
"Lasterketa garrantzitsuenei buruzko informazioa erabatekoa da, dena kontsulta daiteke. Gainontzeko proben datuak 80. urteaz geroztik bilduta daude, berriagoak direlako, noski".
Tourra hastear da (larunbat honetan) eta datu basea, prest. Ziur zalantzak, datuak eta baita bitxikeriak argitzeko erabilgarria izango dela. eitb.com-en lasterketaren irudiak zuzenean ikusteko aukera izango da eta zaleek, internet bidez, Usabiagari galderak helarazteko parada izango dute. "Emanaldi luzeak egingo ditugu eta zaleekin hartu eman hori izatea aberasgarria izango da, ia-ia emankizun pertsonalizatua".
Tourra irabazteko faboritoa nor den galdetuta, argi dauka: "Alberto Contador da, baina lehia ikusgarria izango da. Haren kontra egiteko gogo handiak daude aurten eta gakoa estrategia izango da". Gainera, bi talde nabarmendu nahi izan ditu, Saxo Bank eta RadioShack. "Talde horietan bi edo hiru gizon daude, baina Contador bakarrik dago, beraz adi".