Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenak (Itzulikoa)

Unai Emeryk zuzentzen duen Vila-realek final-laurdenetarako txartela eskuratu nahi du Juventusen aurka

EITB Media

Castelloko taldeak Turingoari egingo dio bisita asteazken honetan, 21:00etan, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliko partidan; joanekoa berdinduta (1-1) amaitu zen. Bestalde, Lillek Chelsea hartuko du; ingelesak nagusitu ziren joanekoan (2-0).

  • Vila-real

    Vila-realeko jokalariak, entrenamenduan, Juventusen aurka jokatu bezperan. Argazkia: EFE

Martxoaren 16an, asteazkenean, jokatuko dira Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliko azken bi kanporaketak. Juventus, Vila-real, Lille eta Chelsea taldeek final-laurdenetara sailkatzea izango dute helburu.

Turinen, 21:00etan, Juventus eta Vila-real ariko dira nor baino nor. Kanporaketa zabalik dago, joaneko norgehiagoka berdindu (1-1) egin baitzuten. Castelloko taldeko entrenatzailea den Unai Emery gipuzkoarrak ez ditu jokatzeko prest izango min hartuta dauden Alberto Moreno eta Paco Alcacer. Nahiko justu iritsiko dira Etienne Capoue, Juan Foyth, Raul Albiol eta Gerard Moreno. Albiolek hasieratik jokatzeko aukerak ditu; Gerard, aldiz, deialdian sartu da, baina ez da hasierako hamaikakoan egongo. Juventusen ezingo dute neurketa hau jokatu Weston McKennie, Kaio Jorge eta Federico Chiesa futbolariek, baina Massimiliano Allegri teknikariak prest izango ditu Giorgio Chiellini eta Paulo Dybala.

Frantzian, Lillek Chelsea hartuko du Pierre-Mauroy estadioan. Etxeko taldeak zaleen babesa izango du, harmailak gainezka egongo baitira. Ingalaterrako taldeak 2-0eko emaitzarekin irabazi zuen joaneko norgehiagoka. Jocelyn Gourvennec Lilleko entrentzaileak ezingo du kontatu Renato Sanchez taldeko izarrarekin. Chelseako teknikaria den Thomas Tuchelek jokalari guztiak prest ditu, Reece James eta Ben Chilwell izan ezik.