Itxi

Txapeldunen Liga

Azken kanporaketa (itzulikoa)

Salzburgo, Shakhtar eta Sheriff taldeek Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatuko dute

A. B. E. | EITB Media

Austriako taldeak Brondby kanporatu du, ukrainarrek Monakoren aurkako kanporaketa gainditu dute eta Moldaviako taldeak historia egin du Dinamo Zagreben aurka aurrera eginda.

  • Sheriff

    Sheriff taldeko jokalariak, sailkapena ospatzen. Argazkia: EFE

Salzburgo, Shakhtar eta Sheriff Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatzeko sailkatu dira asteazken honetan atariko azken kanporaketetan Brondby, Monako eta Dinamo Zagreb kanporatuta, hurrenez hurren.

Shakhtarrek ez du kale egingo multzoen fasearekin duen hitzorduarekin. Txapeldunen Ligan ohiko taldea den arren, gogotik sufritu du Monako kanporatzeko. Ukrainako talderak 0-1eko emaitzarekin lortu zuen garaipena joaneko neurketan eta itzulikoa bina berdinduta amaitu da. Monakok bi goleko abantaila hartu du lehen zatian, Ben Yederren golei esker. Hala ere, Shakhtarrek luzapena behartu du 74. minutuan, Marlosek sartutako golari esker. UEFAren txapelketetan jada ez dute balio bikoitza etxetik kanpo sartutako golek berdinketa kasuetan. Norgehiagokak amaiera mingarria izan du Monakorentzat, Aguilarrek bere atean sartu baitu binakoa, 114. minutuan.

Sheriffek historia egin du, lehen aldiz jokatuko baitu Txapeldunen Ligako multzoen fasea. Moldaviako taldeak golik gabe bukatu du Dinamo Zagreben aurka itzuliko partida, baina 3-0eko emaitzarekin irabazi zuen joanekoa.

Bestalde, Salzburgok Brondby kanporatu du itzuliko neurketan 1-2 nagusitu ostean joanekoan ere garaipena lortuta (2-1). Beraz, Austriako taldea ere egongo da osteguneko zozketan.