Itxi

X-fase_final-X

Finalerdiak, joanekoa

Txapeldunen Liga: Manchester United, finaletik gertu

Josu Bilbao

Erredakzioa

Fergusonen taldeak 0-2 gainditu du Schalke 04 eta kanporaketan abantaila garrantzitsua lortu du. Golak, bigarren zatian lortu dituzte Ryan Giggsek eta Rooneyk.

Finalerako sailkapena lortzeko aurrerapuso handia eman du Alex Fergusonen taldeak. Manchesterrek 0-2 gainditu du Schalke 04 talde alemaniarra norgehiagoka bizi batean. Lehen zatian Neuer atezainak ingelesen jaurtiketa guztiak gelditu ditu, baina atsedenaldiaren ostean Giggsek eta Rooneyk 0-2koa lortu dute.

Manchester Unitedek argi eta garbi agindu du lehen zatian eta Fergusonen mutilek gola lortzeko aukera ugari izan dituzte. Hala ere, lehen zatiko protagonista Neuer atezaina izan da, egindako geldiketa erabakigarriei esker.

13. minutuan, ''Chicharito'' Hernandezek aukera paregabea izan du 0-1ekoa lortzeko, baina Neuerrek mexikarraren zartakoa desbideratu du. 25. minutuan, Manchesterreko aurrelariak bigarren aukera argia izan du eta Schalke 04 taldeko atezainak, jaurtiketa desbideratzeko geldiketa ikusgarria egin behar izan du. Lehen zatiko azken abagunea Giggsek izan du, baina atezain alemaniarra sendo azaldu da, erdilari ezkertiarraren errematea gelditzeko. Atsedenaldian, 0-0ekoak jarraitu du markagailuan.

Atsedenaldiaren ostean norgehiakokak erritmoa galdu du, baina gorriek erasoan gogotsu jarraitu dute. Partidako 67. minutuan, Ryan Giggsek 0-1ekoa lortu du Rooneyren pase eder bati esker. Bi minutu geroago, Rooneyk 0-2koa lortu du Neuer gaindituz eta partida maldan gora jarri da alemaniarrentzat.

Azken minutuetan Schalkek gehiago sakatu du erasoan, baina Manchester ondo mantendu da defentsan. Evrak 0-3koa lortzeko aukera bikaina izan du, baina frantziarraren ezkerkada zuzenean kanpora joan da. Horrela, gorriek 0-2ko abantaila lortu dute kanporaketan.

- Fitxa teknikoa:

0 - Schalke 04: Neuer; Uchida, Matip, Metzelder, Sarpei (Escudero, 71. minutuan); Papadopoulos, Farfan, Jurado (Draxler, 82. minutuan), Baumjohann (Kluge, 53. minutuan); Raul eta Edu.

2 - Manchester United: Van der Saar; Fabio, Vidic, Ferdinand, Evra; Carrick, Giggs; Valencia, Park (Scholes, 73. minutuan); Rooney (Nani, 83. minutuan); eta Hernandez (Banderson, 73. minutuan).

Golak: 0-1 (67. minutuan, Giggs), 0-2 (70. minutuan, Rooney)