X-fase_final-X
Final-laurdenak, joanekoak
Txapeldunen Liga: Real Madril eta Schalke, finalerdietatik gertu
Josu Bilbao
Erredakzioa
Mourinhoren taldeak 4-0 gainditu du Tottenham Santiago Bernabeu estadioan eta talde alemaniarrak ezusteko handia eman du Guiseppe Meazzan Internazionaleren aurka 2-5ekoarekin.
Real Madrilek eta Schalkek aurrera pausu handia eman dute euren kanporaketak lortzeko. Mourinhoren mutilek 4-0 gainditu dute Tottenham talde ingelesa. Peter Crouchek lehen zatiko 15. minutuan bigarren txartel horia ikusi du eta norgehiagoka baldintzatuta gelditu da. Jardunaldiko beste partidan ezusteko handia eman du Schalke 04 talde alemaniarrak Guiseppe Meazzan. Raul Gonzalezen taldeak 2-5 gainditu du Internazionale, iazko txapelduna.
Jose Mourinhoren mutilek ezin hobeto hasi dute norgehiagoka, lehen zatiko bosgarren minutuan Adebayorrek 1-0ekoa egin baitu etxekoentzat. Talde zuria eroso egon da zelaian markagailuko abantailarekin eta Tottenham atzean sartu da. 15. minutuan Peter Crouchek bigarren txartel horia ikusi du eta ingelesak 10 jokalarirekin gelditu dira. Bale izan da arriskua sortu duen bakarra kanpoko taldean, baina Real Madril sendo mantendu da atsedenaldira 1-0ekoarekin joateko.
Bigarren zatian madrildarrak nagusi izan dira eta Tottenham bere area barnean sartu dute. 56. minutuan Adebayorrek bigarrena lortu du etxekoentzat eta norgehiagoka zurien esku gelditu da. Real Madrilek asko sakatu du erasoan gol gehiago lortzeko eta Di Mariak 3-0ekoa lortu du eskuinkada eder batekin (71. minutuan). 86. minutuan Cristiano Ronaldok azken 4-0ekoa jarri du markagailuan eta espainiarrek aurrera pausu handia eman dute finalerdietara heltzeko.
. Fitxa teknikoa:
4 - Real Madril: Iker Casillas; Sergio Ramos, Pepe, Carvalho, Marcelo; Khedira (Lass, m.61), Xabi Alonso; Di Maria (Kaka, m.76), Özil, Cristiano Ronaldo eta Adebayor (Higuain, m.74).
0 - Tottenham: Gomes; Corluka (Bassong, m.80), Dawson, Gallas, Assou-Ekotto; Jenas, Sandro, Modric, Bale; Van der Vaart (Defoe, m.46) eta Crouch.
Golak: 1-0, m.4: Adebayor. 2-0, m.57: Adebayor. 3-0, m.72: Di Maria. 4-0, m.87: Cristiano Ronaldo.
Guiseppe Meazza estadioan gauzak ondo hasi dira italiarrentzat, lehen minutuan 1-0ekoa egin baitu Stankovicek Neuere atezainaren huts egite baten ostean. Hala ere Schalke 04 ez da behera etorri eta Matipek 1-1ekoa jarri du 16. minutuan. Internazionalek baloiaren jabetza ondo kontrolatu du berdinketarekin eta Diego Militok 2-1ekoa lortu du etxekoentzat 33. minutuan. Alemaniarrek asko sakatu dute azken minutuetan eta Eduk 2-2koa jarri du atsedenaldia baino lehen.
Bigarren zatian Schalke 04 taldeak norgehiagokaren kontrola eskuratu du eta Raulek 2-3koa jarri du alemaniarrentzat 53. minutuan. Internazionale ez da fin ibili erasoan eta 56. minutuan Ranocchiak 2-4koa sartu du bere atean. Chivuk txartel gorria ikusi du ondoren eta italiarrak 10 jokalarirekin gelditu dira. Azken minutuetan Schalkek asko sakatu du erasoan eta 74. minutuan Eduk azken 2-5ekoa jarri du Guiseppe Meazzan ezustekoa handia emanez.
Fitxa teknikoa:
Internazionale: Julio Cesar; Maicon, Ranocchia, Chivu, Zanetti; Stankovic (min. 23 Kharja (min. 62, Cordoba)), Motta (Nagatomo, min. 76), Cambiasso; Sneijder; Eto''o, Diego Milito
Schalke 04: Neuer; Uchida, Matip, Hoewedes, Sarpei; Farfan, Papadopoulos, Jurado (Draxler, min. 83), Baumjohann (Schmitz, min. 76); Raul (Karimi, min. 87), Edu.