Itxi

X-fase_final-X

Finalerdiak (joanekoa)

Txapeldunen Liga: Bayern-Lyon (1-0), Robbenek erabaki du neurketa

Josu Bilbao

Erredakzioa

Alemaniarrek kanporaketa alde dute, etxean 1-0 irabazi eta gero. Bi taldeek 10 jokalarirekin amaitu dute partida Riberyk eta Toulalanek txartel gorriak ikusi baitituzte.

Van Gaalen taldea Lyon baino gehiago izan da partida osoan zehar eta gol bateko aldeaz jokatuko du itzuliko partida Frantzian. Arjen Robben partidako onena izan da, taldeari bizitasuna emateaz gain berak egin baitu Munichekoen gola. Ribery, 36. minutuan kaleratu du epaileak Lisandrori sarrera gogor bat egin ostean, eta Toulalanek bigarren txartel horia ikusi du 53. minutuan.

Partida erritmo biziz hasi zen bi taldeak erasora irten baitziren lehen minututik. Alemaniarren aurrelariak, etxean jokatuz, gehiago animatu ziren urrunetik jaurtitzera eta gutxigatik ez zuten 1-0ekoa lortu, baina Schweinsteigerren burukada kanpora joan zen. Bayernek erasoan jarraitu zuen eta frantziarrak euren area barrura sartu zituzten. Muller eta Riberyk aukera paregabeak izan zituzten taldea aurretik jartzeko baina Municheko taldeak ez zuen hiru zutoinen artean jaurtitzen asmatzen.

Olympiquek ere, aurrelari onak zituela erakutsi zuen, Ederson eta Lisandrok urrunetik jaurtitzen saiatu baitziren, baina jaurtiketek ez zuten alemaniarren atea ikusi. Ondoren, lehen zatiko 36. minutuan epaileak Ribery kanporatu zuen, Lisandrori sarrera itsusi bat egin eta gero. Horrela, Bayern 10 jokalarirekin gelditu zen erdilari frantsesak txartel gorria ikusi zuelako. Atsedenaldi aurretik, Kallstromek urruneko saiakera bat egin zuen baina Butt atezainak ederki desbideratu zuen kornerrera.

Bigarren zatian, Van Gaalen mutilak gogotsu irten ziren zelaira nahiz eta jokalari bat gutxiagorekin egon eta Schweinsteigerrek gutxigatik ez zuen lehen gola egin burukadaz. 53. minutuan, Toulalanek bigarren txartel horia ikusi zuen eta bi taldeak 10 jokalarirekin gelditu ziren, indarrak parekatuz. Municheko taldea nagusi izan zen ondorengo minutuetan eta 60.enean Robbenen jaurtiketa gogorra gutxigatik ez zen ate barrura joan. 69. minutuan ordea, erdilari holandarrak ez zuen barkatu eta 1-0ekoa jarri zuen Muller ikutu zuen area barneko jaurtiketa batez. Olympique ez zen gai izan partidari buelta emateko ezta alemaniarrei aurre egiteko eta Bayernek aurrera pausu bat eman dute Bernabeuko finalerako bidean.

- Fitxa teknikoa:

1 - Bayern: Butt; Lahm, Demichelis, Van Buyten, Contento; Schweinsteiger, Pranjic (Gómez, 63); Robben (Altintop, 85), Ribery; Müller; eta Olic (Timoschstchuk, 46).

0 - O.Lyon: Lloris; Reveillère, Cris, Toulalan, Cissokho; Källström, Gonalons, Pjanic (Makoun, 56); Ederson (Bastos, 70), Lisandro eta Delgado (Govou, 79).

Golak: 1-0: min 69, Robben.