Txapeldunen Liga
Final-zortzirenak (itzulera)
Txapeldunen Liga: Inter eta CSKA Mosku, final-laurdenetara
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Eto'ok sartu du garaipenaren gola italiarrentzat, baina epaileak ez dio Chelseari egin dizkioten hiru penalti argietatik bakarra ere adierazi. Sevillak 1-2 galdu du errusiarren aurka.
Astearte honetan Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzulerako bi partida jokatu dira eta Inter Milanek eta CSKA Moskuk final-laurdenetarako txartela lortu dute.
Sanchez Pizjuanen CSKA Moskuk 1-2 irabazi dio Sevillari. 0-1 aurreratu dira erruisiarrak Neciden golari esker 38. minutuan, baina hurrengo jokaldian Sevillak 1-1ekoa sartu du Perottiren bitartez. Berdinketarekin (1-1) bukatu da lehen zatia. Bigarren zatian ez da gol aukera asko egon. Moskuko taldeak 54. minutuan 1-2koa sartu du. Hondak falta jaurtiketa bortitza egin eta baloia sare barrura bidali du. Hortxe erabaki da partida. Sevilla Txapeldunen Ligatik at geratu da eta CSKA Mosku final-laurdenetarako sailkatu da.
Gaur jokatu den beste partidan Inter Milanek ere ezustekoa eman du. 0-1 irabazi dio Chelseari Londonen Eto’ok 80. minutuan sartutako golari esker. Dena den, epaileak ere bere errua izan du. Lehen zatian hiru penalti argi egin dizkiote Chelseari, baina ez du bat bera ere ikusi edo ikusi nahi izan. Italiarrak final-laurdenetan egongo dira eta Chelsea, aldiz, kanpoan geratu da.