Itxi

Reala

Akziodunen Batzarra

Realak 148 milioi euroko aurrekontua onartu du 24-25 denboraldirako, Anoetaren handitzea aurreikusteaz gain

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Akziodunen Batzarrak ontzat eman zituen, gehiengoz, Jokin Aperribai presidenteak mahai gainean jarritako aurrekontuak. Orobat, denboraldia zorrik gabe amaitzea aurreikusi zuen.

  • Realaren Akziodunen Batzarreko irudia. EFE

    Realaren Akziodunen Batzarreko irudia. EFE

Realak Jokin Aperribay presidenteak aurkeztutako aurrekontuak onartu zituen asteartean egindako Akziodunen Batzarrean, Kursaal Jauregian. Hala, batetik, klubak ontzat eman zuen denboraldi honetarako aurrekontua; bestetik, sasoia 1.505.050 euroko mozkinekin amaitzea aurreikusi zuen Aperribayk, bankuekin zorrik izan gabe.

Bileran garatutako proposamen guztiek ia erabateko baiezkoarekin egin zuten aurrera, eta "oso positiboki" baloratu zuen hori presidenteak. Era berean, klubaren egungo masa sozialaren neurria nabarmendu zuen: 37.936 bazkide eta 5.815 pertsona itxaron-zerrendan.

Hori kontuan izanik, Anoeta estadioa handitzeko asmoa erakutsi zuten atzo, 2.000 eserleku gehiago jarrita, 42.247 pertsona sartu ahal izateko.

Azpiegituren hazkundeak ere badu eragina Zubietan; izan ere, 2021az gero, 35 milioi euro inbertitu ditu klubak. Besteak beste, Jose Luis Orbegozo zelaiko lanak egiten ari dira, gizonezkoen lehen taldearentzat. Horrez gain, emakumezkoen taldearentzat eraiki berrian ere lanean ari dira. Baliteke urte amaierarako bukatuta egotea.

Presidente txuri-urdinak segurtasunaren gaiari ere heldu zion bilkuran, eta erabateko "lehentasuna" duela zehaztu. Zaleek estadio kanpoaldeko segurtasunaren inguruan helarazitako kexei buruz ere mintzatu zen, eta "Realak eremu horretan gertatzen denaren inguruan inolako ahalmenik" ez duela berretsi.

Gai horri lotuta, taldeari egiten zaizkion harrerak aipatu zituen: "taldea oso pozik dago harrerekin; hortaz, neurketa garrantzitsuetan bultzatu behar ditugu. Dena den, Amarako bizilagunentzat zalaparta handiegia denez, estadiora egiten den sarbidea moldatzen saiatuko gara".

Azkenik, Imanol Alguacil entrenatzailearen berritzeaz (2025eko ekainean bukatuko du kontratua) galdetuta, elkarrizketak bide onetik doazela esan zuen, akordioa lortuko dela ziur agertzeaz gain. "Imanol ideiak oso garbi dituen entrenatzailea da, eta emaitza paregabeak lortzen ari da, baita jokalari garrantzitsuak joan direnean ere, eta nahi dugun postuetan egoten jarraitzen dugu", gaineratu zuen.