Itxi

Reala

Derbiaren atarikoak

Griezmannek, Zurutuzak eta Velak Montanierren begirunea dute

Erredakzioa

Velak eta Griezmannek orain arte jokatutako bost partidatan parte hartu dute, horietako lautan hasierako hamaikakoan. Bien bitartean, fisikoki ondo izan denean beti jokatu du Zurutuzak.

  • Antoine Griezmann Levanteren aurkako neurketan. EFE

    Antoine Griezmann Levanteren aurkako neurketan. EFE

Anoetan, datorren larunbatean, Athleticen aurka jokatuko duen euskal derbia prestatzen hasi da gaur Reala. Antoine Griezmann, David Zurutza eta Carlos Vela hasierako hamaikakoan izango direla ematen du; izan ere, Philippe Montanier entrenatzaile txuri-urdinaren begirunea dute.

Frantziako entrenatzaileak, aurreko partida irabazi edo galdu, berritasunak sartzen ditu neurketa bakoitzean, baina iragan denboraldian eta aurten zenbait jokalari ukiezin dituela argi utzi du Montanierrek.

Aurten, Carlos Velak eta Antoine Griezmannek orain arte jokatutako bost partidatan parte hartu dute, horietako lautan hasierako hamaikakoan. Bien bitartean, fisikoki ondo izan denean beti jokatu du David Zurutuzak. Gainera, Zurutuzak gol bikaina sartu zuen Levanteren kontra, nahiz eta garaipena lortzeko balio ez izan.

Zentzu horretan, iragan denboraldiko estatistika argigarria da. Frantziako entrenatzailearen aurreneko urtean hiru jokalari horiek norgehiagoka gehienak jokatu zituzten, Claudio Bravo atezainarekin batera.

David Zurutuzak 33 partida jokatu zituen, horietako 30 hasieratik. Bien bitartean, Griezmannek eta Velak 35 neurketatan parte hartu zuten, horietako 28 hasieratik.