Reala
Sei puntuak, Anoetan
Realak denboraldiko bigarren garaipena lortu du
Erredakzioa
Txuri-urdinek ez dute kale egin Anoetan. Bi partida irabazi ditu orain arte, eta bi garaipenak etxean lortu ditu. Iñigo Martinez eta Carlos Vela izan dira golegileak.
-
Carlos Velak 2-0koa sartu du. Argazkia: EFE
Realak sendo jarraitzen du Anoetan. Lau jardunalditan, bi partida irabazi ditu talde txuri-urdinak, eta bi garaipenak Anoetan lortu ditu. Igande honetan 2-0 irabazi dio Zaragozari.
Lehen zatian ez da gol aukera askorik egon. Nahiko parekatua izan da, eta bi taldeetako batek ere ez du gola sartzeko meritu gehiegirik egin. Lehen aukera Zaragozak izan du partidako zortzigarren minutuan, baina Bravok erantzun bikaina eman dio Postigaren jaurtiketari. Lehen hogeita hamabost minutuetan Zaragoza izan da nagusi, baina ez du arrisku gehiegi sortu Realaren ate inguruan.
Realari asko kosta zaio gol aukeraren bat sortzea. Lehen ordu erdian, talde txuri-urdinak ez dio lanik eman Roberto Zaragozako atezainari. De La Bellak egin duen jaurtiketari erantzun ona eman dio Robertok lehenengo, eta lehen zatiaren amaieran Griezmann atezainaren aurrean bakarrik geratu da, baina Robertok gelditu bikaina eman dio jokalari frantziarraren erremateari. Horrenbestez, golik gabe bukatu da lehen zatia Anoetan (0-0).
Bigarren zatia biziagoa izan da, eta gol aukera gehiago ere izan ditu. Norgehiagoka parekatua izan da bigarren zatian, baina Realak asmatu egin du aurkariaren ate aurrean. 57. minutuan etorri da partidako lehen gola. Realak korner bat atera, eta Iñigo Martinezek sare barrura bidali du errematea (1-0).
Gola hartuta Zaragoza saiatu da berdinketa lortzen, baina ez du gol aukera argirik sortu. Realak erosoago jokatu du 1-0eko abantailarekin, eta pixkanaka Roberto atezainak defendatutako ate ingurura, arrisku handiarekin iristen hasi da. Gola sartu, eta lau minutu beranduago, Paredesek area barruan falta egin dio Carlos Velari. Epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du. Carlos Velak jaurti du penaltia, eta ez du hutsik egin. Mexikarrak 2-0koa sartu du.
Zaragozari min egin dio txuri-urdinen bigarren golak. Aragoiko taldea saiatu da aldeak murrizten, baina Realak ez dio aukerarik eman. Defentsan sendo ibili da Montanierrek zuzentzen duen taldea. Txuri-urdinek gol gehiago sortzeko aukerak izan dituzte azken minutuetan, baina ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu. Azkenean, 2-0 irabazi dio Realak Zaragozari, eta talde gipuzkoarrak sei puntu lortu ditu lehen lau jardunaldietan.
Fitxa teknikoa:
2 - Reala: Bravo; Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, De la Bella; Markel, Illarramendi, Zurutuza (Ros, 77. min); Griezmann, Vela (Ifran, 85. min) eta Agirretxe (Jose Angel, 82. min).
0 - Zaragoza: Roberto; Abraham, Paredes, Alvaro, Sapunaru; Montañes, Zuculini (Apoño, 63. min), Stefan (Álamo, 75. min), Jose Mari, Edu Oriol (Aranda, 63. min); Helder Postiga.
Golak: 1-0, 55. min: Iñigo Martinez. 2-0, 61. min: Vela.