Reala
Prentsaurrekoan
Montanierrek ez du beste aurrelariren bat fitxatzea baztertzen
Erredakzioa
Entrenatzaile frantziarrak esan duenez, taldetik aurrelariren bat ateratzen bada, ez dio uko egiten postu horretarako beste jokalari bat ekartzeari. Ifrani eta Llorenteri taldea bilatzen ari da kluba.
Philippe Montanier Realeko entrenatzaileak, ez du baztertu talde txuri-urdinak beste aurrelari bat fitxatzea taldetik postu horretako jokalariren bat ateratzen bada. "taldeak ezin du dozena bat aurrelari eduki", gaineratu du.
"Klubaren lehentasuna Carlos Vela fitxatzea da, eta taldetik jokalariren bat irtetzen den ikusi beharko da fitxaketak egin daitezkeen jakiteko. Ifrani eta Joseba Llorenteri taldea bilatzen ari zaie kluba, baina hemen geratzen badira, besteek dituzten aukera berdinak izango dituzte", esan du Montanierrek.
Realeko entrenatzaileak ‘Chory’ Castroren inguruan ere hitz egin du honakoa esanez: "Kalitate eta teknika handiko jokalaria da. Gainera, posizio ezberdinetan jokatzeko gaitasuna dauka. Ondo iristen da aurkariaren ate ingurar eta horrek gol gehiago sar ditzakegula esan nahi du. Horrela, iazko sailkapena hobetzeko aukera gehiago izango ditugu".