Itxi

Reala

Santander Liga

Realak irabazi egin dio Mallorcari (1-0) eta Txapeldunen Ligako postuetan da

A. B. E. | EITB Media

Mikel Merinok laugarren minutuan sartu duen golak hiru puntuak eman dizkio talde txuri-urdinari. Reala hirugarren da Santander Ligako sailkapenean.

  • Reala

    Realeko jokalariak Merinok Mallorcar sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak mendean hartu du Mallorca (1-0) asteazken honetan (urriak 19) Reale Arenan jokatu den Santander Ligako 10. jardunaldiko partidan. Talde txuri-urdina hirugarren da Ligako sailkapenean 22 punturekin, Europa Liga ere kontuan hartuta zortzigarren garaipena jarraian lortuta.

Neurketa atzerapenarekin hasi zen, zale txuri-urdin bat ondoezik zegoelako. Larrialdietako zerbitzuek harmailan bertan artatu eta haren egoera egonkortu zuten, ospitalera eraman aurretik. Zoritxarrez, handik gutxira erietxean hil egin zen.

Reala - Mallorca partidako laburpena

Kirol arloari dagokionez, Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea bikain hasi da, laugarren minutuan Mikel Merinok gola sartu baitu (1-0) Braisek ateratako kornerra errematatuta.

Talde txuri-urdinak gola sartu ostean etorri da Mallorcaren erantzuna, baina 13. minutuan Angelek area barruan boleaz egin duen errematea langara joan da. Talde bisitariak abagune argia izan duen arren, txuri-urdinak nagusi izan dira lehen zatian. Rajkovic Mallorcako atezainak bi gol saihestu ditu 25 eta 29. minutuetan hurrenez hurren: lehenengo erantzun bikaina eman dio Kuboren erremateari, eta, geroago, Braisen gola eragotzi du hankarekin baloia urrunduta.

Bizi ekin diote bigarren zatiari bi taldeek. Partidako 58. minutuan Realak gertu izan du bigarren gola, baina Guevararen jaurtiketa zutoinera joan da. Hurrengo jokaldian, aldiz, Mallorcak kontraeraso azkarra antolatu, eta Amathek gola sartu du, baina baliorik gabe utzi du epaileak VARa kontsultatu eta jokaldiaren hasieran Amathek Elustondori falta egin diola adierazita.

Norgehiagokako azken txanpan erasora jo du Mallorcak. Reala estutasunetan sartu du Balearetako taldeak eta Remiro atezainak gola eragotzi du 87. minutuan Amathen jaurtiketari erantzun ona emanda. Sufritu egin behar izan du Realak amaieran, baina defentsan sendo ibili da, eta garaipenak ez dio ihes egin (1-0).

Fitxa teknikoa:

1 – Reala: Remiro; Gorosabel (Le Normand, 75. min), Le Aritz, Pacheco, Rico; Guevara (Zubimendi, 64. min), Merino, Brais (Illarramendi, 82. min), Silva (Carlos Fernandez, 64. min); Kubo (Navarro, 75. min) eta Sorloth.

0 – Mallorca: Rajkovic; González, Raíllo, Nastasic, Russo (Grenier, 77. min), Maffeo; Ruiz de Galarreta, Battaglia (Anteonio Sanchez, 77. min), Dani Rodriguez (Kang-In Lee, 69. min); Amath eta Angel (Abdon, 77 min).

Golak: 1-0, 4. min: Merino.

Epailea: Ortiz Arias. Txartel horiak atera dizkie Guevara (51. min) REaleko joklariari, baita Maffeo (63. min) eta Grenier (81. min) Mallorcako futbolariei.