Reala
Europa Liga
Realak Europa Ligako partidetarako Europa Bonua aktibatuko du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europa Bonuaren kargua abuztuaren 17an egingo da, eta itzulketak abuztuaren 30era arte egin ahalko dira. Ordainketak helbideratuta ez dituzten bazkideek abuztuaren 25era arte izango dute ordainketa egiteko.
-
Oyarzabal 2021/2022ko Europa Ligako partida batean. Artxiboko argazkia: EFE
Realak Europa Bonua aktibatuko du Reale Arenan jokatuko diren 2022-23 Europa Ligako partidak ikusi nahi dituzten bazkideentzat (multzoko fasea eta balizko kanporaketak).
Talde txuri-urdinak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Europako Bonuaren kargua abuztuaren 17an egingo da, eta itzulketak egiteko epea abuztuaren 30ean amaituko da.
Ordainketak helbideratuta ez dituzten bazkideek beren etxean jasoko dute jakinarazpena, eta abuztuaren 25era arteko epea izango dute dagokien zenbatekoa ordaintzeko. Klubak Europako Bonuari uko egiten dioten bazkideen eserlekuak erabiliko ditu.
Europa Bonu honek ez du barne hartzen emakumezkoen taldeak irailaren erdialdean jokatuko duen Txapeldunen Ligako kanporaketa. Partida horretara bazkide guztiak joan ahal izango dira.