Reala
ASTE GARRANTZITSUA
Realak 10 hilabete daramatza Anoetan bi garaipen segidan lotu gabe, Ligan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zale txuri-urdinek ligan bata bestearen atzetik bi garaipen ikusi zituzten azken aldia 2017ko apirilaren 24tik 29ra bitartean izan zen, Depor eta Granada azpiratu zituztenean.
-
Realeko jokalariak Anoetan sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Reala behartuta dago aste honetan Anoetan indartsu agertzera, bai ostegunean, Salzburgoren aurkako Europa Ligako partidan; bai igandean Levanteren kontra. Alabaina, beharrizan horrek estatistikarekin egiten du topo aurrez aurre, ia 10 hilabete baitaramatzate txuri-urdinek Ligan bi garaipen jarraian lortu gabe.
Eusebio Sacristanek entrenatzen duen taldeak denboraldi honetan behin besterik ez ditu kateatu bi norgehiagoka elkarren atzetik etxean, baina horretarako Ligako partida bat (Eibarren aurka) eta Europako bat (Vardarren aurka) batu behar izan zituen
Horixe bera izan da donostiarren arazo nagusia aurten: Anoeta bisitarientzako zelai onuragarrienetako bat da, bertatik garaipena edota gutxienez berdinketa ateratzera ohitu baitira.
Zale txuri-urdinek ligan bata bestearen atzetik bi garaipen ikusi zituzten azken aldia 2017ko apirilaren 24tik 29ra bitartean izan zen, Depor eta Granada azpiratu zituztenean. Horrenbestez, badira 10 hilabete hori geratu zenetik.
Txuri-urdinek Ligako lau lehia bakarrik irabazi dituzte Anoetan eta Europako bi. Bigarren B mailako Lleidak kanporatu egin zuen bertan, eta, Betisekin batera, bere zaleen aurrean golik gehien jaso duen taldea da, 23 gol jaso baititu.
Eusebiok, gainera, arazoak ditu lesioekin, eta taldeko zenbait jokalari garrantzitsuk ezin izango dute bi partida nabarmen horietan parte hartu.
Batetik, Willian Jose taldeko golegile nagusia guztiz baztertuta dago, eta, horrez gain, David Zurutuza eta Adnan Januzaj aurrera begirako jokalariak mi hartuta dabiltza, nahiz eta gaur lan-saioa egin duten, taldekideek baino erritmo txikiagoan.