Reala
Zubietan lesionatu dira
Reala: Hurrengo neurketak galduko dituzte Elustondok eta Markelek
Ander Altuna
Zubieta
Beasaindarrak eskuin orkatilean hartu du min eta elgoibartarrak aldiz, eskuin zangoko iztarrean zaintiratua izan du. Hurrengo bi jardunaldietan gutxienez ez dute jokatzerik izango.
Min hartu dute gaur goizeko Zubietako saioan Gorka Elustondok eta Markel Bergarak eta itxura guztien arabera ez dira gai izango Recreativo eta Albaceteren kontra jokatzeko.
Elustondoren kasuan, erremate ahaleginean okertu du orkatila, Esnaola atzelariarekin tupust egin ostean. Zorigaiztoko jokaldia izan da. Bihurritu gaizto baten ondorioz hilabete asko egin zituen iaz jokatu ezinik beasaindarrak, baina kasu horretan, ezker hankean izan zuen arazoa eta oraingoan kontrakoan da. Gaur egingo diote erresonantzia eta bihar jakingo da arazoa zenbaterainoko den. Itxuraz, hiruzpalau asterako izango da baja.
Markelen kasuan aldiz, zaintiratua izan du eskuin iztarrean eta honek ere aste pare bat beharko du behar bezala osatu ahal izateko.
Gainontzean, Asier Riesgo azaldu da hedabideen aurrean. Lasartek Zubikarairen alde egin izana "normala" iruditu zaio "denbora asko" zeramalako deialdietatik kanpo eta horrek bere azken erabakian "ez duela eraginik" izango dio. Ekainaren 30ean amaitzen zaio Realarekin duen lotura eta arlo horretan aldaketarik ez dagoela nabarmendu du.