Futbola
Zazpi boto alde eta lau kontra
Casillas eta Xavi, Kiroletako Asturiaseko Printzearen Saria
Erredakzioa
Real Madrileko eta Bartzelonako jokalariek eskuratu dute sari preziatua. Azken bozketan Nazioarteko Batzorde Paralinpikoa gainditu dute.
-
Iker Casillas eta Xavi Hernandez Eurokopa irabazi ostean. Argazkia: EFE
Iker Casillasek eta Xavi Hernandezek lortu dute Kiroletako Asturiaseko Printzearen Saria. Espainiako selekzioarekin eta bakoitzak bere klubekin lortutako titulu mordoak zerikusia izan du erabakian.
Real Madrileko atezaina eta Bartzelonako erdilaria Nazioarteko Batzorde Paralinpikoari nagusitu zaizkio azken bozketan. Bi futbolariek zazpi boto izan dituzte alde, eta beste laurak Nazioarteko Batzorde Paralinpikoarentzat izan dira.
Epaimahaiak honako arrazoiengatik hartu du erabakia: "Adiskidantzaren irudia eta adibidea dira bi jokalari hauek. Lagunak dira talde ezberdinetan egon arren, eta taldeok aurkari zuzenak izan arren. Bi futbolari hauen kirol portaera, eredugarria da gazteentzat".
"Bi jokalari hauek, hainbat titulu lortu dituzte beraien klubekin eta Espainiako selekzioarekin. Joko garbiaren adibide dira, eta beti saiatu dira taldeen eta zaleen arteko liskarrak konpontzen. Iker eta Xavi lagunak dira 1999an 20 urtez azpiko Munduko Kopa irabazi zutenetik, eta denbora asko pasa den arren, lagunak izaten jarraitzen dute", gaineratu du epaimahaiak aktan.