Itxi

Futbola

F Liga

Athletic-Reala derbia, igandean, eitb.eus-en eta ETB1en zuzenean

EITB MEDIA

Bi euskal taldeen arteko neurketa igande eguerdian izango da, 12:00etan, Lezaman, eta zuzenean ikusi ahalko da eitb.eus-en eta ETB1en. Aurretik, Eibarrek Vila-real izango du aurkari larunbatean.

  • F Liga

    F Liga

Athleticek eta Realak F Ligako denboraldiko bigarren euskal derbia jokatuko dute igande honetan, Lezaman. Neurketa 12:00etan hasiko da, eta zuzenean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

Realak sendotzen jarraitzeko eta sailkapenean gora egiten jarraitzeko asmoz bisitatuko du Lezama. Gaur egun, Natalia Arroyok zuzentzen duen taldea 8. postuan dago F Ligan, 7 punturekin, Zubietan joan den asteburuan Eibarren aurkako derbia irabazi ostean. Entrenatzaileak derbi lehiatua espero du, eta Lezaman irabaztea "erronka" bezala ikusten du.

Amaiur Sarriegi eta Nahia Aparicio jokalari txuri-urdinek derbiari buruz hitz egin dute EITB Mediarekin, eta Athletic denboraldi honetan nola ikusten duten azaldu dute.

Athletic sasoi hasiera gorabeheratsua izaten ari da, jokatutako 5 partidetatik 3 galduta, eta 10. dago, 6 punturekin. 3 puntu horiek etxean uzteko helburua buruan dutela zelairatuko dira lehoiak asteburuan. David Aznar entrenatzaileak ezingo du Marta Sanadri aurrelaria zelairatu, Vila-realen aurkako partidan giharretako lesioa egin zuelako. 

Derbi berezia Nahikari Garciarentzat

Nahikari Garciarentzat berezia izango da igandeko hitzordua, lehen aldiz arituk baita zuri-gorriz jantzita Realaren kontra. Jokalari gipuzkoarra Realean gol gehien sartu dituen emakumea da. Talde txuri-urdinean hezi eta hazi zen futbolari gisa. Bi urtez Real Madrilen jokatu eta gero, 2023ko udan Athleticek fitxatu zuen. Astearte honetan, honakoa esan zuen prentsaurrekoan: "Oso egun berezia izango da, eta ahalik eta gehien gozatzea espero dut".

Eibarrek Vila-realen jokatuko du

Armaginek Vila-realera egingo dute bidaia jardunaldi honetan, sailkapeneko beheko postuetatik irteten lagunduko dieten 3 punturen bila, hain zuzen. Yerai Martinen taldeak 4 porrot jaso ditu 5 partidatan, eta horrek 14. lekura eraman ditu Eibarko neskak, 3 puntu soilik batu baitituzte. Norgehiagoka larunbatean izango da, 12:00etan.