Itxi

Futbola

Hypermotion Liga

Amorebietak berdindu egin du Cartagenarekin (0-0), Lezaman

EITB Media

Puntu bat erdietsi du talde bakoitzak Hypermotion Ligako 8. jardunaldiko partidan. Azken emaitza 0-0ekoa izan da.

  • Amorebieta - Cartagena

    Amorebieta - Cartagena partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: @SDAmorebieta

Amorebietak 0-0 berdindu du Cartagenarekin igande honetan, urriaren 1ean, Lezaman jokatutako Hypermotion Ligako zortzigarren jardunaldiko partida. Hala, puntu bat gehitu du, eta bederatzi ditu orain.

Erasokor ekin dio neurketari Amorebietak, baina abagune argiak sortzea kostatu zaio Zornotzako taldeari. Cartagena atzean sartuta egon da ia lehen zati guztian; hala ere, bisitariek izan dute lehen aukera garbia 31. minutuan, Juanjo Narvaezen erremate batekin (kanpora joan da). Atsedenaldira iritsi aurretik, Cartagenako atezainak Amorebietaren gola saihestu du, Dorrioren jaurtiketa geldituta.

Bigarren zatiaren hasieran, 50. minutuan, Dorriok egindako errematea oso gutxigatik joan da kanpora, langa urratuta. Ondoren, ordea, parekotasuna izan da nagusi.

Bi taldeak saiatu dira golaren bila joaten, baina defentsak aurrelariak baino gehiago izan dira. Norgehiagoka 90. minutura heldu denean, epaileak zortzi minutu luzatu du arauzko denbora.

Amorebietak eta Cartagenak ez dute etsi, eta Murtziako taldeak sustoa eman dio Bizkaikoari, 95. minutuan Jacksonek sartutako golarekin; aurrelaria, ordea, jokoz kanpo zegoen taldekide baten pasea jaso duenean, eta epaileak baliogabetu egin du gola.  

Azkenean, golik gabeko berdinketa Lezaman, eta puntu bat talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

0 - Amorebieta: Pablo Campos; Alvaro Nuñez, Gaya (Morci, 86. min), Manu Hernando, Lasure; Quintero (Rayco, 57. min), Sibo (Carbonell, 57. min), Moran, Dorrio; Edwards (Eraso, 69. min) eta Da Graca (Jauregi, 69. min).

0 - Cartagena: Marc Martinez; Ivan Calero, Pedro Alcala, Gonzalo Verdu (Fontan, 79. min), Arnau Sola; Musto, Luis Muñoz, Hector (Mikel Rico, 65. min), Narvaez (Umaro, 79. min); Juan Carlos Real (Jansson, 65. min) eta Alfredo Ortuño (Jony Rodriguez, 84. min).

Epailea: Oliver de la Fuente Ramos. Txartel horia atera die Sibo (41. min) eta Gaya (61. min) Amorebietako jokalariei, baita Luis Muñoz (38. min) eta Arnau Sola (94. min) Cartagenako futbolariei.