Itxi

Futbola

Larunbatean, Reale Arenan

Reala eta Athletic, derbia irabazteko helburuarekin sailkapenaren goialdean finkatzeko

EITB Media

Txuri-urdinak eta zuri-gorriak nor baino nor gehiago ariko dira larunbat honetan, irailaren 30ean, Reale Arenan. Euskal derbia 21:00etan hasiko da.

  • Reala - Athletic

    Berenguer (Athletic) eta Merino (Reala), iragan denboraldiko Anoetako derbian. Argazkia: EFE

Realak eta Athleticek EA Sports Ligako 7. jardunaldiko euskal derbia jokatuko dute larunbat honetan, irailaren 30ean, Reale Arenan. Norgehiagoka 21:00etan hasiko da.

Bi taldeak sailkapenaren goialdeko postuetan iristen dira derbira: Athletic laugarren da 14 punturekin eta Reala seigarren 12rekin. Beraz, bi taldeen helburua izango da garaipena bereganatzea Ligako onenetatik gertu jarraitzeko.

Azken urteetan Anoetan jokatutako euskal derbietan Reala izan da nagusi. Athleticek Donostian lortutako azken garaipena 2017ko martxoaren 12an izan zen 0-2ko emaitzarekin. Ordutik, txuri-urdinak lautan nagusitu dira: 3-1eko emaitzarekin 2017-2018 eta 2022-2023 denboraldietan, eta 2-1ekoarekin 2018-2019 eta 2019-2020 sasoietan). Horrez gain, 2020-2021 eta 2021-2022 denboraldietako Anoetako derbiak bana berdinduta (1-1) amaitu ziren.

Imanol Alguacilek zuzendutako taldea azken bi partidak irabazita heltzen da Athleticen aurkako lehiara. Izan ere, txuri-urdinek Getafe eta Valentzia mendean hartu dituzte hurrenez hurren. Gainera, Orioko teknikariak prest ditu jokalari guztiak.

Bestalde, Athletic Alavesen aurka derbia irabazita eta Getaferen aurka 7. jardunaldian San Mamesen berdinketa erdietsi ostean iristen da Reale Arenara. Hala ere, Ernesto Valverde entrenatzaileak zuzendutako taldean Ruiz de Galarretak ez du jokatuko lesio baten ondorioz; eta, Oihan Sancetek ere ezingo du jokatu, txartel gorria ikusi baitzuen Getaferen aurkako partidan. Gainera, Unai Gomez ere deialditik at geratu da, min hartuta dagoelako. Dena den, azken egunetan min hartuta egon den Nico Willimas prest izango du Valverdek.

Ustezko hamaikakoak:

Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Aihen edo Tierney; Zubimendi, Merino, Brais; Kubo, Oyarzabal eta Barrenetxea.

Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Dani Garcia, Vesga; Iñaki Williams, Herrera, Berenguer eta Guruzeta,

Epailea: Jesus Gil Manzano.

Estadioa: Reale Arena.

Ordua: 21:00