Itxi

Futbola

F Liga

Futbolarien grebagatik atzeratutako F Ligako 1. jardunaldia urriaren 3tik 5era bitartean jokatuko dute

EITB MEDIA

Txapelketako hiru euskal taldeek, alegia, Realak, Athleticek eta Eibarrek, urriaren 4an jokatuko dute (asteazkena da). Athleticek, 18:00etan, Granada jasoko du, eta Eibarrek, 20:00etan, Madril CFF taldea. Reala Levanteren aurka arituko da, Zubietan; neurketa hori aldez aurretik zegoen atzeratuta.

  • Athleticeko hainbat jokalari, Atletico Madrilen aurkako partidan. Argazkia: EFE.

    Athleticeko hainbat jokalari, Atletico Madrilen aurkako partidan. Argazkia: EFE.

2023-24 denboraldiko F Ligako 1. jardunaldia irailaren 8tik 10era bitartean jokatzekoa zen, baina, txapelketako futbolarien grebagatik, atzeratu egin zuten; bada, astelehenean iragarri dutenez, urriaren 3an, 4an eta 5ean jokatuko dute 1. jardunaldi hori. Ligako hiru euskal taldeek, alegia, Realak, Athleticek eta Eibarrek, urriaren 4an jokatuko dute; asteazkena da egun hori.

Hain zuzen ere, Athleticek Granadaren bisita jasoko du, Lezaman, urriaren 4an, 18:00etan, eta bi orduren bueltan, 20:00etan, Eibar-Madril CFF neurketa hasiko da, Ipuruan. Reala Levanteren aurka arituko da nor baino nor gehiago, Zubietan, 19:00etatik aurrera; hori bai, esan beharra dago azken partida hori ez zutela grebagatik atzeratu, aldez aurretik atzeratuta baitzegoen. Levantek, Realaren aurkariak, Txapeldunen Ligako partidak zituen, F Ligako aurreneko jardunaldiaren data berean.

F Ligako euskal taldeen hurrengo partidak:

Reala: Reala-Betis, urriaren 1ean (igandea da), 12:00etan (3. jardunaldia); Reala-Levante, urriaren 4an (asteazkena da), 19:00etan (1. jardunaldia); Bartzelona-Reala, urriaren 8an (igandea da), 18:30ean (4. jardunaldia).

Athletic: Levante Las Planas-Athletic, urriaren 1ean (igandea da), 17:00etan (3. jardunaldia); Athletic-Granada, urriaren 4an (asteazkena da), 18:00etan (1. jardunaldia); Athletic-Sporting Huelva, urriaren 8an (igandea da), 18:00etan (4. jardunaldia).

Eibar: Granada-Eibar, irailaren 30ean (larunbata da), 12:00etan (3. jardunaldia); Eibar-Madril CFF, urriaren 4an (asteazkena da), 20:00etan (1. jardunaldia); Eibar-Granadilla Tenerife, urriaren 8an (igandea da), 12:00etan (4. jardunaldia).