Itxi

Futbola

PENALTIETAN

Sadio Manek Afrikako Kopa eman dio lehen aldiz Senegali

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Senegalek eta Egiptok hutsean bukatu dute, bai arauzko denbora, bai luzapena, eta penalti jaurtiketen bidez eskuratu dute garaikurra Terangako lehoiek.

  • Senegalgo selekzioko kideak garaipena ospatzen.

    Senegalgo selekzioko kideak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Sadio Manek Senegalgo selekzioak Afrikako Kopan zuen zorigaitza eten du, penaltien txandan jaurtiketa erabakigarria sare barrura bidalita. Horrenbestez, bere taldeak lehen aldiz bereganatu du txapelketa, Egiptoren aurka, arauzko denboraren zein luzapenaren ostean hutsean amaitu den finalean.

Edouard Mendy Chelseako atezainak Egiptoren azken-aurreko jaurtiketa gelditu du, Mohanad Lasheenek egindakoa, eta ondoren, Liverpool taldeko jokalariak, partidaren hasieran hamaika metroko puntutik beste penalti bat huts egin duenak, jaurtiketa erabakigarria gauzatu du.

Manek ez du bigarren aukera alferrik galdu, eta garaile atera da Mohamed Salah taldekidearekin izan duen aurrez aurrekoan. Senegal 4-2 emaitzarekin gailendu zaio Egiptori penaltietan.

Horrenbestez, jokatutako hirugarren finalean lortu du arrakasta Senegalek, aurreko bi finalak galdu ostean. Kamerunen kontra galdu zuen 2002an, Malin; ondoren, 2019an, Egiptoko txapelketan, Aljeria nagusitu zitzaion. Beraz, ekinak saria izan du Terangako lehoientzat, Egipto faboritoa saririk gabe utzi baitute. Egiptok irabazi ditu titulu gehien (7), baina 2010ean eskuratu zuen azkena, Angolan.

Fitxa teknikoa:

0 - Senegal: Edouard Mendy; Bouna Sarr, Kalifou Koulibaly, Abdou Diallo, Saliou Ciss; Cheikhou Kouyaté (Pape Gueye, 66. min), Nampalys Mendy; Ismaila Sarr (Boulaye Dia, 77. min), Idrissa Gueye, Sadio Mané; eta Famara Diedhiou (Bamba Dieng, 77. min).

0 - Egipto: Gabaski; Emam Ashour, Mohamed Abdelmoneim, Mahmoud Hamdi, Mohamed Abo El Fotouh; Mohamed Elneny, Hamdi Fathi (Mohanad Lasheen, 99. min), Amr El Solia (Trezeguet, 58. min); Mohamed Salah, Omar Marmoush (Zizo, 58. min) eta Mostafa Mohamed (Marwan Hamdi, 59. min).

Penaltiak: 1-0, Koulibaly; 1-1, Zizo; 2-1, Diallo; 2-1, Abdlmonem (huts egin du: zutoinera); 2-1, Sarr (Gabaskiren gelditua); 2-2, Hamdi; 3-2, Dieng; 3-2, Lasheen (Mendyren gelditua); 4-2; Mané.

Epailea: Victor Miguel de Freitas Gomes (RSA). Txartel horiak: Mohamed Abdelmonem eta Hamdi Fathi (Egipto); Nampalys Mendy, Abdou Diallo, Sadio Mané eta Kalifou Koulibaly (Senegal).