Itxi

Futbola

Zeremonia Zurichen

Messik bere hirugarren Urrezko Baloia irabazi du jarraian

Erredakzioa

Nahiz eta oso gaztea izan argentinarra Platini edo Van Basten historikoen pare jarri da dagoeneko.

01:46
Messik bere hirugarren Urrezko Baloia irabazi du

Lionel Messi Bartzelonako aurrelaria munduko futbolaririk onena izendatu dute Zurichen, hirugarren urtez jarraian. Horrela, Johan Cruyff, Marco Van Basten eta Michel Platini historikoen marka berdindu du argentinarrak, nahiz eta oraindik oso gaztea izan. Holandako bi aurrelariek eta Frantziako erdilariak Urrezko hiru Baloi eskuratu zituzten bakarrak ziren gaur arte.

Xavi Hernandez taldekidea eta Cristiano Ronaldo Real Madrileko aurrelaria menderatu ditu Messik finalean. Ronaldo, 2008ko irabazlea, ez da sari banaketan egon, izan ere, bere taldeak partida du bihar Malagaren aurka eta Errege Kopako final laurdenetara sailkatzeko txartela jokoan dago.

Bozketan alde handia atera die Ronaldori eta Xaviri Messik. Selekzioetako hautatzaileek eta kapitainek, eta prentsak emandako botoen % 47,88 lortu ditu Bartzelonako aurrelariak. Ronaldok botoen % 21,60 eskuratu ditu eta Xavik % 9,23.

Argentinako izarrak urte zoragarria egin du. 2011n 55 gol sartu ditu Bartzelonan eta bost txapelketa (Espainiako Liga, Txapeldunen Liga, Espainiako Superkopa, Europako Superkopa eta Kluben Munduko Kopa) eskuratzeko taldea zuzendu du. Gainera, jokatu dituen final guztietan gola sartu du Messik.

"Berriz hemen izatea oso atsegina da. Lortzen dudan hirugarrena da, eta ohore handia da niretzako", esan du Messik saria jaso ostean. Ronaldo Nazario jokalari ohiak eman dio saria. Brasildarrak Urrezko Baloia jaso zuen 1997an eta 2002an.


Taldekideen laguntza eskertu eta saria Xaviri eskaini dio

"Bartzelonako eta Argentinako" taldekideei eskerrak eman dizkie Messik, munduko jokalaririk onena izaten lagundu diotelako: "Taldekiderik gabe ez nuke lortuko ez hau, ezta beste biak ere".

"Xavi taldekideari eta lagunari eskaini nahi diot bereziki. Elkarrekin hemen gauden laugarren aldia da, zuk ere merezi duzu, futbol zelairen barruan eta kanpoan zurekin egotea plazerra da, eta zurekin partekatu nahi dut", erantsi du.