Futbola
Santiago Bernabeun
Real Madril-Bartzelona (1-3): Hiru puntuak, katalanentzat
J.B.
Erredakzioa
Partidako aurreneko jokaldian 1-0ekoa jarri dute zuriek, baina Pep Guardiolaren taldeak markagailua irauli egin du garaipena eskuratzeko. Blaugranek erakustaldia eman dute bigarren zatian.
-
Real Madril-Bartzelona (1-3). Argazkia: EFE
Guardiolak zuzendutako Bartzelonak lortu ditu hiru puntuak Santiago Bernabeu futbol zelaian jokatutako Klasikoan. Blaugranek 1-3 gainditu dute Real Madril bigarren zatian markagailua iraulita. Benzemak 1-0ekoa lortu du partidako aurreneko jokaldian, baina Alexisek berdinketa lortu du 29. minutuan. 1-2koa Xavik lortu du 52. minutuan eta azken 1-3koa Cesc Fabregasek egin du (65. minutuan).
Real Madrilek partidako aurreneko jokaldian eskuratu du gola Victor Valdesen hutsegite larri baten ostean. Bartzelonako atezainak Di Mariari eman dio baloia eta Benzemak ederki aprobetxatu du aldaratzea 1-0ekoa markagailuan jartzeko. Mourinhoren taldea eroso aritu da neurketako lehenengo minutuetan, baina Guardiolaren taldeak erasoan jarraitu du. Horrela, 6. minutuan Iker Casillasek Messiren saiakera arriskutsua ederki desbideratu du kanpora.
Xavi falta jaurtiketa zuzenaz saiatu da, baina Casillasek berriro desbideratu du baloia 22. minutuan. Talde zuriak ere abaguneak izan ditu eta Bartzelonako defentsek arazoak izan dituzte. 24. minutuan Cristiano Ronaldok aukera ederra izan du, baina portugaldarraren jaurtiketa kanpora joan da oso desbideratuta. Apurka blaugranak nagusitzen joan dira era 29. minutuan Alexisek 1-1ekoa jarri du markagailuan. Aurrelari txiletarrak ederki gainditu du Casillas buruz burukoan Messiren jokaldi aparta aprobetxatuta. Atsedenaldian, emaitzak zelaian ikusitakoa adierazi du (1-1) bi taldeek abagune onak izan baitituzte.
Atsedenaldiaren ostean, Bartzelonak erraz agindu du zelaian eta Xavik 1-2koa jarri du markagailuan (7. minutuan). Erdilari katalanaren jaurtiketa Marcelok ezustean desbideratu egin du eta baloia sare barrura joan da. Guardiolaren mutilek hirugarrena lortzeko abagune argia izan dute, baina Alexisen saiakera Casillasek ederki gelditu du bigarren zatiko 16. minutuan.
Jose Mourinhoren mutilek norgehiagoka berdintzeko aukerak izan dituzte, baina Real Madrileko aurrelariek ez dute erasoan asmatu. Abagune argiena, Cristiano Ronaldok izan du bigarren zatiko 19. minutuan, baina portugaldarraren errematea kanpora joan da, oso desbideratuta. Neurketako 65. minutuan Bartzelonak 1-3koa jarri du markagailuan. Dani Alvesek erdiraketa bikaina jarri du bigarren zutoinean eta Cesc Fabregasek sare barrura bidali du baloia erremate eder batekin.
Kakak gol aukera garbia izan du partidako 83. minutuan, baina jokalari brasildarraren saiakera Valdesek kornerrera desbideratu du. Horrela, azken emaitza 1-3koa izan da eta Kataluniako taldeak hiru puntu garrantzitsu lortu ditu aurkari zuzenaren etxean.
Fitxa teknikoa:
.1. Real Madril: Iker Casillas; Coentrao, Pepe, Ramos, Marcelo; Xabi Alonso, Lass (Khedira, 63. minutuan), Özil (Kaka, 58. minutuan); Di Maria (Higuain, 68. minutuan), Cristiano eta Benzema.
.3. FC Bartzelona: Victor Valdes; Alves, Pique, Puyol, Abidal; Busquets, Xavi, Iniesta (Pedro, 89. minutuan); Alexis (Villa, 84. minutuan), Cesc Fabregas (Keita, 78. minutuan) eta Messi.
Golak: 1-0. 1. minutuan. Benzema. 1-1. 30. minutuan. Alexis. 1-2. 54. minutuan. Xavi . 1-3. 66. minutuan. Cesc.