Futbola
Derbia Sadarren
Osasuna vs Alaves, balizko aurkari zuzenen arteko lehia
A. A. | EITB MEDIA
Nafarrek garaipena eskuratu nahi du, bi hilabetez irabazi gabe egon ostean; arabarrek, berriz, jaitsierarekiko aldea handitu nahi dute.
-
Joan zen denboraldiko Osasunaren eta Alavesen arteko derbietako bat. Artxiboko argazkia
Osasunak eta Alavesek Santander Ligako urteko azken partida jokatuko dute (16:15ean) Sadarren, eta gorritxoak garaipenaren bidera itzultzeko ilusioarekin lehiatuko dira.
Emaitza bolada negargarria bizi du Osasunak, eta, ondorioz, sailkapeneko zuloan murgildu da 12 punturekin (Huescarekin berdinduta).
Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak prentsaurrekoan adierazi duenez, gorritxoen eta babazorroen arteko derbiak "garrantzi handia du, gauden momentuagatik eta aurkariarengatik".
Nafarren Ligako azken garaipena urriaren 24an izan zen, Sadarren, Athleticen aurka, gorritxoen mendeurrenaren egunean. Horren ostean, Arrasateren gizonek 6 porrot eta 2 berdinketa lortu dituzte, eta liga hasiera ona eten dute. Izan ere, jokoan izan dituzten azken 24 puntuetatik 2 besterik ez dituzte bildu.
Hala eta guztiz ere, nafarrek euren bertsiorik onena berreskuratu zuten joan zen astean Elxen aurka. Euren entrenatzaileak entrenamendu guztietan eskatzen dien presioa eta abiadura erakutsi zuten jokalariek.
Alavesek, bere aldetik, Eibarren aurkako azken garaipenaren ostean, Huescaren eta Celtaren kontra okertutako ibilbidea zuzendu zuen, sailkapeneko azken postuetara begiratzetik apur bat aldentzeko.
Hala, Pablo Machinek hasierako hamaikakoan egin zituen aldaketek fruituak eman zituzten, eta badirudi jokalari berriak agertuko direla babazorroen taldean Osasunaren zalantzez baliatzeko.
Luzerako lesionatuta dagoen Rodrigo Ely eta Pere Pons baja seguruak dira, eta Rodrigo Battaglia argentinarrak partida bateko zigorra bete beharko du.
Balizko hamaikakoak:
Osasuna: Rubén Martínez; Nacho Vidal, Aridane, David García, Juan Cruz; Roberto Torres, Oier, Moncayola, Rubén García; Calleri eta Budimir.
Deportivo Alavés: Pacheco; Ximo, Lejeune, Laguardia, Duarte edo Javi López; Rioja, Pina, Manu, Peleteiro; Joselu eta Deyverson edo Lucas.
Epailea: Santiago Jaime Latre.
Futbol-zelaia: El Sadar.
Ordua: 16:15.