Futbola
Bikoteak positibo eman zuen
Portugaleteko jokalari batek koronabirusean positibo eman du
eitb.eus
Gainerako jokalariek, teknikariek eta klubeko langileek negatibo eman dute Osakidetzak egindako PCR testetan.
Portugaleteko jokalari baten gertuko pertsona batek koronabirusagatik positibo eman ostean Sestaoren kontrako partida ez zen larunbatean jokatu. Gaur jakin da jokalariak berak positibo eman duela.
Gainerako jokalariek, teknikariek eta klubeko langileek negatibo eman dute Osakidetzak igandean egindako PCR testetan.
Asteazkenean froga berriak egin behar dizkiete entrenatzeko baimena izateko, eta Sestaoren kontrako play-offetako partida noiz jokatuko den jakitea falta da.
Larunbatean bertan behera geratu zen partida
Portugalete-Sestao River Bigarren B Mailara igotzeko faseko finala atzeratu zuten, Portugaleteko jokalari baten gertuko pertsona batek koronabirusagatik positibo eman ostean, Espainiako Futbol Federazioak iragarritakoaren arabera.
"14:00ak jotzear zeudela, Euskadiko Futbol Federazioak helarazi digu Portugaleteko jokalari baten inguruan positibo bat izan dela", azaldu zuen Federazioak ohar batean.
Berehala, Espainiako Futbol Federazioa Espainiako Gobernuko eta Jaurlaritzako kirol arduradunekin harremanetan jarri zen. "Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin adostuta, futbol partida atzeratzea proposatu zuten”.
Espainiako Federazioak azaldu zuenez, Portugaleteko jokalariei testak eta osasun azterketak egingo zizkieten.
"Partida noiz jokatu test guztien emaitzak jasotzean eta partida segurtasun osoarekin jokatzea posible denean erabakiko da", gaineratu zuten oharrean.