Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

2-0

AEBk Munduko Txapelketa bereganatu du, lortzen duen laugarrena

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Estatubatuarrak nagusitasunez gailendu zaizkie herbeheretarrei (2-0) Megan Rapinoek eta Rose Lavellek bigarren zatian sartu dituzten golei esker.

  • AEBko jokalariak garaipena ospatzen

    AEBko jokalariak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

AEBko selekzioak Futboleko Munduko Txapelketa irabazi du igande honetan Herbehereei 2-0 gailendu ostean, Lyonen jokatu den finalean. Horrenbestez, estatubatuarrek laugarren aldiz eskuratu dute garaikur hori orain arte jokatutako zortzi txapelketetan.

Jill Ellisek entrenatzen duen selekzioak talde laranjaren ametsak zapuztu ditu. Europako egungo txapeldunek finalean izatea erdietsi dute jokatzen zuten bigarren Munduko Txapelketan; alabaina, partida garrantzitsuenean, apenas sortu dute arriskurik aurkariaren ate inguruan, nahiz eta golak ez diren heldu norgehiagokako azken ordu erdira arte.

Amerikarrek indartsu ekin diote neurketari, txapelketa guztian zehar egin duten antzera; izan ere, lehia gehienetan, golen bat sartzea lortu dute hasierako 15 minutuetan. Aitzitik, Van Veenendaal atezainak geldiketa ederrak egin ditu, eta bera izan da europarren aldetik jokalari onena tarte horretan.

Bigarren zatian, ordea, VARaren bidez adierazitako penalti batek aurretik jarri du AEBko selekzioa, Rapinoek ez baitu hutsik egin 11 metroetatik.

Handik gutxira, Lavellek, jokaldi ikusgarri baten ostean, 2-0ekoa lortu du. Une horretan, herbeheretarrak noraezean zebiltzan, eta gol gehiago jasotzeko zorian ibili dira zenbait aldiz.

Hartara, gaurkoarekin AEBk laugarren garaikurra eskuratu du lehiatu dituen bost finaletan (jarraian jokatzen duen hirugarrena izan da Frantziakoa), eta duela lau urte Kanadan eskuratu zuen txapelari eutsi ahal izan dio

Fitxa teknikoa:

2 - AEB: Alyssa Naeher, Kelley O'Hara (Ali Krieger, 46. min), Abby Dahlkemper, Becky Sauerbrunn, Crystal Dunn, Julie Ertz, Samantha Mewis, Rose Lavelle, Tobin Heath (Carli Lloyd, 87. min), Alex Morgan eta Megan Rapinoe (Christen Press, 79. min).

0 - Herbehereak: Sari van Veenendaal, Desiree van Lunteren, Anouk Dekker (Shanice van de Sanden, 73. min), Stefanie van der Gragt, Dominique Bloodworth, Jackie Groenen, Daniëlle van de Donk, Sherida Spitse, Lineth Beerensteyn, Lieke Martens (Jill Roord, 70. min) eta Vivianne Miedema.

Golak: 1-0, 61. min: Rapinoe. 2-0, 69. min: Lavelle.

Epailea: Stephanie Frappart (FRA). Txartel horiak Spitse (10. min), Dahlkemper (42. min) eta Van der Gragt (60. min).