Futbola
3-1
River Platek irabazi du Libertadores Kopa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argentinako istiluen ostean, Madrilen jokatu da finala, Santiago Bernabeu zelaian, eta ez da emozioa falta izan, partida berdinketarekin bukatu eta luzapenean erabaki baita garailea.
River Platek irabazi du Libertadores Kopa Juan Fernando Quintero kolonbiarrak luzapenean eta Pity Martinezek azken unean egindako hirugarren golari esker. Bederatzi jokalarirekin bukatu du Bocak partida, Wilmar Barrios kanporatu eta Fernando Gago aldaketa guztiak eginda zituztenean lesionatu ondoren. 3-1 gailendu dira Riverrekoak Bocaren aurka, Argentinako klasikoa eskuratuta.
Riverrek aurrea hartu nahi izan du, baina neurketaren zati handi batean ez du zelai erdiko jokoan asmatu. Boca, bere aldetik, Benedetto gabe gelditu da 61. minututik, eta Wanchope Abilak ordezkatu du.
Lehen gola Bocak egin du, baina Riverrek, etsi beharrean, are eta indartsuago erantzun du, berdinketaren gola eginez eta final handiari emozio gehiago ezarriz; izan ere, luzapenera eraman dute partida garailea erabaki gabe zegoenean.
Bocak, berriz, ezin izan dio Riverren abileziari eutsi, eta Quinterok garaipenaren lehen gola egin du. Ondoren, Pityk balentria ederra egin du azken unean, hirugarren gol erabakigarria eginez eta River Plateri 2018ko Libertadores Kopa emanez.
Fitxa teknikoa:
3. River Plate: Franco Armani; Gonzalo Montiel (Camilo Mayada, 74. min), Jonatan Maidana, Javier Pinola, Milton Casco; Exequiel Palacios (Julián Alvarez, 98. min), Leonardo Ponzio (Juan Fernando Quintero, 58. min), Ignacio Fernandez (Bruno Zuculini, 11. min), Enzo Perez, Gonzalo Martinez; Lucas Pratto.
Entrenatzailea: Marcelo Gallardo
1. Boca Juniors: Esteban Andrada; Julio Alberto Buffarini (Carlos Tevez, 111. min), Carlos Izquierdoz, Lisandro Magallan, Lucas Olaza; Nahitan Nandez, Wilmar Barrios, Pablo Perez (Fernando Gago, 90. min); Cristian Pavon, Dario Benedetto (Wanchope Abila, 61. min), Sebastian Villa (Leonardo Jara, 96. min).
Entrenatzailea: Guillermo Barros Schelotto
Golak: 0-1, 44. min, Benedetto. 1-1, 68. min, Pratto. 2-1, 110. min, Quintero. 3-1, 122. min, Pity Gonzalez.
Epailea: Nestor Cunha (URU).