Itxi

Futbola

Elkarrizketa

Goikoetxea: 'Miguel Garcia lurrean ikustean txarrena pentsatu genuen'

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Salamancako kapitainak eitb.com-i adierazi dio taldekidea ondo dagoela larritasunaren barruan eta Miguel Garciaren bizia ez dagoela arriskuan. Esperintzia oso gogorra bizi izan zuen bizkaitarrak.

Miguel Garcia Salamancako jokalaria lurrera erori zen bapatean Salamanca-Betis partidan eta bere bizia arriskuan egon zen. Guk, eitb.com-en Salamancako kapitaina eta euskal jokalaria den Alex Goikoetxearekin hitz egiteko aukera izan dugu. Arteako (Bizkaia) jokalariak gertakizuna nola bizi izan zuen kontatu digu.

eitb.com: Nola bizi izan zenuen Miguel Garcia taldekidea lurrera erori zen momentua?

Alex Goikoetxea: Berdegunean nengoen, baina ez nuen lurrera erortzen ikusi. Bat-batean taldekideak ikusi nituen medikuei deitzen eta Miguel lurrean zegoen. Medikuak (Salamancakoa eta Betisekoa) Miguel suspertu nahian ibili ziren eta gu guztiz harrituta eta sinestu ezinda geunden.

eitb.com: Medikuak jokalria suspertu nahian zebiltzanean, zer pasatu zitzaizun burutik?

Alex Goikoetxea: Egian esan txarrena pasatu zitzaiun burutik. Gure taldekidea hil egin zela edo zitekeela pasatu zitzaigun ia guztoi burutik. Minutu luzeak izan ziren. Minutu horien ondoren, eraman zutenean arnasa hartzen zuela ikusi genuen eta larritasunaren barruan lasaiago geratu ginen.

eitb.com: Horrelako esperientziarik bizi izan ahal duzu zure kirol ibilbidean?

Alex Goikoetxea: Ez, horrelako esperientzia gogorrik ez dot inoiz lehen pertsonan bizi eta ez dut berriro bizi nahi. Ez diot inori opa halakorik hain gertutik bizitzea. Iaz, Lomban taldekideari mihia sartu zitzaion eta momentu larriak izan ziren, baina ezin da Migueli gertatu zaionarekin inondik inora konparatu.

eitb.com: Betiseko jokalariak zer zioten, nola bizi izan zuten?

Alex Goikoetxea: Niri Salva Sevilla gerturatu zitzaidan. Iaz taldekidea izan nuen Salamancan eta guztia nola izan zen esan zidan. Harrituta zeuden, beraientzat ere ez zen gustukoa ez erosoa egoera hori. Guztiek, Pepe Mel entrenatzailea barne, animoak eman zizkiguten partida bukaeran eta oso ondo portatu ziren gurekin.

eitb.com: Zu Jarqueren taldekidea izan zinen Espainiako selekzioko gazteen mailetan. Hura ez zenuen ordea lehen pertsonan bizi. Alde handia dago lehen pertsonan bizitzearekin?

Alex Goikoetxea: Bai. Jarque ezagutzen nuen, Espainiako selekzioko gazteen mailetan taldekideak ginen 20 urtez azpiko taldera arte. Daniren eriotzaren albistea oso tristea izan zen, are gehiago, ezagutzen nuelako. Baina hura ez zen nire aurrean izan. Miguel ez zen hil gutxigatik bada ere, baina oso esperientzia gogorra izan da. Suposatzen dut alde handia dagoela lehen pertsonan halako gauza bat bizitzearekin. Zoritzarrez Jarque hil egin zen eta zorionez Miguel Garcia bizirik dago.

eitb.com: Nola aurkitzen da Miguel Garcia? Ospitalera joaterik izan duzue?

Alex Goikoetxea: Larritasunaren barruan ondo dago, nahiko egonkor. UVI-an dago, baina esan digutenez bere bizia ez dago arriskuan. Esan ziguten egun hauetan ospitalera ez joateko, bisitak mugatuak baitira eta familiari tokia utzi behar zaiolako horrelako kasuetan. Gela batera noiz pasako duten zain gaude ikusi eta berarekin hitz egin eta animoak emateko. Jokalarion, entrenaitzaileen eta medikuen artean etengabe kontaktuan gaude. Baina, zorionez, badirudi dena ondo doala.

eitb.com: Futbolean jarraitzerik izango ahal du?

Ez dakigu. Hori bere erabakia eta medikuena izango da. Orain, ez da horretan pentsatu behar. Miguel ondo jartzea da garrantzitsuena orain.

eitb.com: Horrelakorik edo antzekorik gertatuz gero zer erabaki hartuko zenuen?

Alex Goikoetxea: Ez dakit zer egingo nukeen. Medikuekin asko hitz egin eta baraiek esaten didatenean konfiantza osoa jarri. Denok daukagu horrelako zerbait gertazearen arriskua, baina norberari gertatzen zaioenean askoz gogorragoa da. Niri gertatuz gero eta futbolean jokatzen jarraitzeagatik berriro horrelako kontu bat geratzeko aukera txikiena belego, ez nuke jokatzen jarraituko. Baina kontu oso zaila eta oso pertsonala da hori.
&' || 'nbsp;