Itxi

Futbola

Iragarpena

Carles Puyolek Bartzelona utziko du denboraldiaren amaieran

L.E. | eitb.com

Ekainaren 30etik aurrera zein erabaki hartuko duen ez du argitu Bartzelonako kapitainak: "hiru hilabete geratzen zaizkit, gero zer egin erabakiko dut".

  • Carles Puyol. Efe.

    Carles Puyol. Efe.

Carles Puyolek Bartzelona utziko du denboraldiaren amaieran. Horrela iragarri du jokalariak berak, azken orduan deitutako agerraldian. Kazetariek ez dute galderak egiteko aukerarik izan.

Bartzelonako kapitainak 36 urte beteko ditu laster eta 2016. urtera arte dauka kontratua. Puyolek azaldu duenez, geratzen zaizkion bi urteak eteteko akordioa egingo du taldearekin. Hala ere, ez du erretiroa aipatu: "Ez dakit ekainaren 30etik aurrera zer gertatuko den, atsedena behar dut, eta gero, gerokoak".

Atzelariak azkenengo hilabeteetan izan dituen arazo fisikoak aipatu ditu bere erabakiaren arrazoi nagusi bezala.

Agerraldiak minutu gutxi batzuk iraun ditu, eta, bukaeran, Carles Puyolek denboraldia amaitzean agur esateko prentsaurrekoa emango duela iragarri du. Ordurako utzi ditu galdera eta azalpen guztiak.

Kapitain historikoa

Carles Puyolek 23 titulu irabazi ditu; tartean, Munduko Txapelketa bat, bi Eurokopa eta Txapeldunen hiru Liga. Guztira 15 urte eman ditu lehen taldean. Xavi Hernandez kenduta, Bartzelonaren elastikoarekin partida gehien jokatu dituen jokalaria da, Migueli ospetsuaren aurretik.

Bere ametsa futbolean 40 urte bete arte aritzea zen. Paolo Maldini izan du beti eredu. Baina arazo fisikoak planak aldatzera behartu dute.