Osasuna
Batzar Nagusia
Osasunaren Batzarrak 2022-23 denboraldiko kontuak eta 2023-24ko aurrekontua onartu ditu
EITB MEDIA
Iruñeko klubeko bazkide konpromisarioek Osasunaren estatutuen aldaketa ere onartu dute. Kontuek bost milioi euro baino gehiagoko galerak islatzen dituzte, eta aurrekontuek, aldiz, jasota dituzte 76 milioi euro sarreretan eta hiru milioi eurotik gorako galerak.
-
Konpromisario batzuk, Batzarrean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.
Osasunaren Ohiko Batzar Nagusiak eta Ezohiko Batzar Nagusiak 2022-23 denboraldiko kontuak eta 2023-24 denboraldiko aurrekontua onartu dituzte larunbat honetan, Iruñean. Nafarroako klubeko bazkide konpromisarioek Osasunaren estatutuen aldaketa ere onartu dute. Kontuek bost milioi euro baino gehiagoko galerak islatzen dituzte, eta aurrekontuek, aldiz, jasota dituzte 76 milioi euro sarreretan eta hiru milioi eurotik gorako galerak.
Hain zuzen ere, 259 bazkide konpromisario izan dira Batzarrean. 2022-23 denboraldiko kontuek aldeko 205 boto, kontrako 43, boto zuri bat eta 4 boto baliogabe jaso dituzte; 2023-24 denboraldirako aurrekontuek, ordea, aldeko 182 boto, kontrako 60, 8 boto zuri eta 5 boto baliogabe jaso dituzte.
Estatutuen aldaketak 18 artikulutan du eragina (guztira 78 artikulu dira), eta, besteak beste, presidentetzarako hauteskundeetan hautagaitza aurkezteko baldintzak malgutu ditu. Guztira, 177 konpromisariok eman dute aldeko botoa, 34k kontrakoa, eta 4 boto baliogabe izan dira; ez da boto zuririk izan.
Fran Canal Osasunako zuzendari nagusiak, horrez gain, iragarri du klubak 12 milioi jasoko dituela sei urtean, etorkizunean kirol enpresa aldatuta. Gainera, Jose Manuel Burguete Zuzendaritza Batzordeko kideak jakitera eman du balitekeela Sadarreko edukiera handitzea, pasabide batzuk kenduta, irabaziak handitzea xede. Sadarren, egun, 23.576 zale sartzen dira, Osasunak 20.000 zale ditu, eta 3.000 bat lagun itxaron-zerrendan daude.
Horrekin batera, Juan Manuel Garro, Jose Andres Burguete eta Josetxo Perez de Zabalza Zuzendaritza Batzako kide berriek euren burua aurkeztu dute Batzar Nagusian. Zuzendaritzan dauden bitartean kluba arlo guztietan babestuko dutela hitzeman dute.