Itxi

Osasuna

Kopako finala

Osasunak 80ko hamarkadako "arima" ekarri du gogora Kopako finalerako kamiseta berezian

EITB MEDIA

Nafarroako taldeak praka eta galtzerdi beltzak jantziko ditu Cartujan, maiatzaren 6ko partida erabakigarrian, eta Superkopan ere erabiliko du ekipamendu hori bera. Klubak nabarmendu duenez, erabat gorria den elastikoak "molde klasikoa" du.

1:12

Osasunak 80ko hamarkadako "arima" ekarri du gogora Real Madrilen aurkako Kopako finalerako kamiseta berezian. Nafarroako taldeak praka eta galtzerdi beltzak jantziko ditu Cartujan, Sevillan, maiatzaren 6ko partida erabakigarrian, eta datorren denboraldian jokatuko duen Superkopan ere erabiliko du ekipamendu hori bera. Klubak nabarmendu duenez, elastikoak, erabat gorria bera, "molde klasikoa" du.

Darko Brasanac hautatu du Osasunak aurkezteko, asteazkenean, finalean jantziko duen ekipamendua; erdilariak hautsita ditu lotailu gurutzatua eta kanpoko meniskoa, eta sendatzen hasi da. Kamiseta, Iruñeko klubak nabarmendu duenez, XX. Mendeko 80ko hamarkada ekarriko du gogora; izan ere, garai hartan, Osasunaren eta Real Madrilen arteko lehiak Espainiako Estatuko futboleko "klasikoetako bat" bihurtu ziren. Enrique Martin, Jose Manuel Echeverria edo Javier Castañeda jokalari mitikoak, besteak beste, norgehiagoka horietan ibili ziren, Real Madrilen kontra, nor baino nor gehiago, Osasunak aipatu duenez.

Finaleko elastikoak partidako serigrafia ofiziala izango du bularrean. Brodatutako armarrian, atzealdean, jokalariek "bihotzean itsatsita" eramango duten goiburu bat agertzen da; 80ko hamarkadako beste historiko batek esandako esaldia da: "Osasuna arima, arima eta arima da" adierazi zuen Michael Robinson handiak, eta hori da, hain zuzen, goiburu hori.

Nafarroako armarria, lepoan, eta txapelketako adabaki ofiziala, mahukan, elastikoan izango dira. Gainera, klub gorritxoak berak nabarmendu duenez, ekipamenduaren berritasun handienetakoa da prakek "garai hartakoek zituzten tonalitate ilunak" gogora ekarriko dituztela.

Elastikoa egiteko, Osasunak birziklatutako gaiak erabili dituzte; zehazki, ekoizpen-hondakinetatik eta etxeko hondakinetatik datorren material birziklatua baliatu dute.

Osasunaren denda ofizialetan eskuragarri dago kamiseta berezia; bertan, 1.000 ale saldu ahalko dituzte, hasiera batean. Halaber, Internet bidez ere erosi ahal da; hori bai, azken kasu horretan maiatzaren 9an hasiko dira erositako elastikoak banatzen. Kamisetak 84,95 euroko prezioa du.