Itxi

Osasuna

Santander Liga

Ruben Garciaren gol bikainak eta Aitorren geldiketek eman diote garaipena Osasunari Cadizen (0-1)

EITB MEDIA

Nafarroako taldeak 61. minutuan egin du gola, Ruben Garciaren jaurtiketa eder baten bidez, eta amaierara arte eutsi dio abantailari, Cadizek presio handia egin duen arren. Azken ordu laurdenean, Osasunak hamar jokalariz jokatu du; izan ere, Abderi txartel gorria erakutsi dio epaileak.

  • Ruben Garciak, partidako gol bakarra sartu eta berehala. Argazkia: EFE.

    Ruben Garciak, partidako gol bakarra sartu eta berehala. Argazkia: EFE.

Osasunak 0-1 menderatu du Cadiz Nuevo Mirandilla futbol zelaian, asteartean, Santander Ligako 31. jardunaldian. Ruben Garcia, gol bikain bat sartuz, eta Aitor Fernandez, meritu handiko geldiketak eginez, nabarmendu dira Jagoba Arrasateren taldean. Gorritxoen entrenatzaileak hainbat aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan, baina taldeak lan ona egin eta urrezko hiru puntu bereganatu ditu. Cadizek presio handia egin du neurketa osoan, bereziki azken minutuetan, eta Osasuna ondo defendatu da, zelaian hamar jokalari zituela, epaileak txartel gorria erakutsi baitio Abderi.

Cadiz-Osasuna partidaren laburpena (0-1)

Garaipenak balio handia du Osasunarentzat, kontuan izanik gorritxoak zortzigarren jarri direla sailkapenean, 44 puntu dituztela; Vila-real dago seigarren, hau da, Ligan Europarako txartela ematen duen azken postuan, eta Osasunak baino hiru puntu gehiago ditu soilik, partida bat gutxiago jokatuta. David Garcia, Jon Moncayola, Abde bera, Aimar Oroz eta Lucas Torro, besteak beste, ez dira hasieratik irten; bai, ordea, Iker Benito eta Iker Muñoz gazteak, eta biak ala biak sendo aritu dira, ondo. Chimy Avilak, berriz, ezustekoa eman du; hamaikakoan zegoen, baina, beroketa ariketak egiten ari zenean, arazo fisikoak izan ditu, eta ez da deialdian sartu. Osasunak, nolanahi ere, sasoian dagoela erakutsi du berriro, eta eskuan dituen erronka guztiak lortzeko borroka egingo duela.

Jagoba Arrasateren gizonak gero eta hobeto ibili dira lehen zatian, minutuek aurrera egin ahala. Norgehiagokaren hasieran, Cadizi nabaritzen zitzaion motibazio handia zuela; etxeko taldearen asmoa zen markagailuan azkar hartzea aurrea, eta 4. minutuan oso gertu izan du gola, Sobrinoren erremate batean. Cadiz eskuinetik sartu da jokaldi horretan; Chris Ramosek, penalti puntuan, ez du baloia harrapatzerik izan, baina Sobrinok, bigarren zutoinean, kontrolatu eta jaurti egin du. Aitor Fernandezek geldiketa bikaina egin du, lehenengoa.

Osasunak, Iker Muñozek ondo gidatuta, ederto mugitu du baloia zelai erdian, eta, gainera, ordu erdia gaindituta, arriskua sortzen hasi da. Roger Martik 1-0ekoa izan du 32. minutuan, baina, jarraian, Unai Garcia (buruz), Pablo Ibañez (burukada batez) eta Ante Budimir (orpoz errematatuz) Osasunari abantaila ematetik hurbil egon dira. Ibañezek berak atepean atera du baloia segituan, jokaldi nahasi batean, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi du. Lehen zatia, horrenbestez, golik gabe amaitu da.

Atsedenaldia amaituta, Iruñeko taldeak beste aurrerapauso bat eman du, eta gogorrago egin du aurrera, Cadizen atera. Osasunarentzat interesgarria zen puntu batean zegoen neurketa une horretan; izan ere, urduritasuna gero eta handiagoa zen etxekoen artean, Cadizek ezin baitzuen partida apurtu, eta gorritxoak egoera hori baliatzeko moduan egon zitezkeen. Horrela, 61. minutuan, gola iritsi da: Manu Sanchez ausart ibili da ezkerretik, eta baloia arean sartu du; ez du inork harrapatu, baina, atetik 25 bat metrora, Ruben Garciak baloia harrapatu, ezkerrez jaurti eta gol polita egin du.

Golak mina eragin dio Cadizi, baina Sergio Gonzalezen taldea segituan suspertu da, eta Aitor Fernandezek bonbardaketa jasan du bere arean. Atezain gipuzkoarrak, hala ere, ez du behin ere huts egin; Ivan Alejok egindako erdiraketa arriskutsua kornerrera bidali du, eta, 76. minutuan, erantzun ezin hobea eman dio Alex Fernandezen jaurtiketa bati.

84. minutuan, berdegunera irten eta berehala, Abdek txartel gorria ikusi du, aurkari bati ostikada bat eman baitio. Neurketa 100. minutuaren ostean amaitu da, eta Osasunak, sufritu badu ere, 0-2koa egiteko abagune argia izan du. Luzapenean, Cadiz erasoan zegoela, Moncayola Ledesma atezainaren aurrean gelditu da, bakar-bakarrik, baina azken horrek gola saihestu eta emozioa bere horretan utzi du.

Ondorengo egunak historian geratuko dira, zalantzarik gabe, baina Osasunak ezin hobeto hasi du astea, Cadizen hiru puntuak eskuratuta.

Fitxa teknikoa

0 – Cadiz: Ledesma, Iza Carcelen, Luis Hernandez, Victor Chust (Momo, 30. min), Espino, Ruben Alcaraz, Fede San Emeterio (Alex Fernández, 67. min), Bongonda (Alejo, 67. min), Sobrino (Negredo, 67. min), Roger (Guardiola, 47. min) eta Chris Ramos.

1 – Osasuna: Aitor Fernandez, Nacho Vidal, Unai Garcia (Aridane, 82. min), Iker Benito (David Garcia, 74. min), Juan Cruz, Moi Gomez, Ibañez (Moncayola, 64. min), Iker Muñoz, Manu Sanchez, Budimir eta Ruben Garcia (Abde, 82. min).

Gola: 0-1, 61. min: Ruben Garcia.

Epailea: Del Cerro Grande (Madrilgo Batzordea). Txartel horia atera dio Manu Sanchezi (85. min), eta gorria Abderi (84. min).